Ainara LERTXUNDI
Donostia

Donostiako zubiak kolorez eta ilusioz lotuta

Eskuz eta batez ere ilusioz jositako oihalekin lotu dituzte Donostiako zubiak. Goizean goizetik jendea hurbiltzen hasi da zegokion lekura. Batzuk buruan txapela jarrita, beste batzuk ur botilekin eta eguzkitako betaurrekoekin. Adin guztietakoak. «Giroa benetan aparta da, baita herritarren erantzuna ere. Hunkigarria da», entzun zitekeen zubi batetik bestera. Eta giroa animatzeko, txarangak, trikitilariak, abesti herrikoiak, irrintziak...

Goizean goizetik aparteko mugimendua ikus zitekeen Donostiako kale eta auzoetan. Grosetik Kursaalerako bidean, lagun taldeak lenenengo zubirako bidea hartzen ikus zitezkeen, bertan baitzuen hitzordua Donostialdekoek. Lurrean, mimoz jositako oihal zatiak. Horietako bat Margaritarena. 89 urte beteko ditu laister, baina hantxe zegoen, zutik, alaba eta ilobekin eta harro jositako oihalarekin.

«Oso ederra da, egun berezia aizu», adierazio dio NAIZi. Jaiotzez Berrizkoa bada ere, Donostian bizi da. Jostuna izan da ogibidez, argitu du bere alaba Amaiak. «Kilometroak eta kilometroak josi ditu bere bizitzan. Berak oihalaren diseinua egin du, nik bestelako bat nahi nuen, azkarrago egiteko, baina berak ezetz. Azkenean ameto egin nuen, baina oso polita izan da amarekin batera jostea. Ondo kudeatu dugu lana», dio Amaiak irribarretsu. Lau bat egun eman zuten josten, ikurrinaren lazoak eta eskuak brodatzen hain zuzen ere. Ondoan, Groseko familia bat. Karol, haren semea, Aitor, bikotea, Junkal ahizpa eta koinata. Elkarlanean josi dute beraien oihal zatia. Oroigarri gisa izateko, argazki bat egitea eskatu dute. Bat bateko argazkilaria Inglaterratik etorritako turista bat da, baina soinean Gure Esku Dagoren kamiseta darama.

Metro batzuk harago, kamisetak saltzeko postua jasotzen hasi dira. Goizeko 10.00ak inguru ipini dira eta bi ordutan 400etik gora saldu dituzte. «Jendeari berdin zaio bere tamainakorik gelditzen ez bada, berdin berdin eramaten du. Eta 12 euro esan eta 15 ematen dizkizu. Jendea prest dago edozertarako», aipatu du saltzen ibili den bolondres batek. Iritzi berekoak dira, Oiartzunetik etorritako bi gazte. Begirale lanetan ibili dira goiz guztian zehar, den-dena ondo ateratzeko.

«Hasieran pixkat beldur ginen, eta zubi batzuetan jende gutxiago egongo ote zen eta beste batzuetan gehiegi... baina jendea iritsi ahala, gure beldurrak uxatu dira, zeren primeran erantzun dute eta kolaborazio handia izan dugu herritarren aldetik. Gainera, oso ondo zekiten non jarri. Etxekolanak primeran eginda etorri dira eta berdin zaie eguzkipean ordu erdi edo gehiago egon behar izana», azaltzen dute pozik.

Eta giroa animatzeko, «Eztangaren bandakoak». Oskar Eztangarekin ikasten duten 30 bat trikitilari elkartu dira. 9.30etan adarrarekin deia egin eta hortik aurrera jendea animatzen ibili dira, lehenengo Alde Zaharretik, gero oihalen azpitik sartuz. Urumean ere trikitilariak eta txarangak txalupetan.

12.30etan, oihalak biltzeko ordua iritsita, Anoetarako bidea hartu dute gehienek.