NAIZ
Gasteiz

Herrikoen itxiera EH Bilduren arduratzat jo du Urkulluk, Julen Arzuagaren ustez

Espainiako Auzitegi Gorenak 107 herriko tabernen konfiskatzea agindu izanaz galdetu dio Julen Arzuagak (EH Bildu) Iñigo Urkulluri. EAEko lehendakariak erabakiaren aurka dagoela esan du baina ez dela euskal gizartearen ardura «ezker abertzaleak hamarkada luzez bortizkeria babestu izana». Julen Arzuagak tabernen itxiera EH Bilduren arduratzat jotzea egotzi dio Urkulluri.

Arzuagak Urkulluri galdetu dion unea (EH Bildu)
Arzuagak Urkulluri galdetu dion unea (EH Bildu)

Gasteizko Legebiltzarreko Kontrol saiora eraman du EH Bilduk berriki Espainiako Auzitegi Gorenak agindutako 107 Herriko tabernen konfiskazioa. Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak erabakiaren aurkako jarrera erakutsi du baina bere argudioekin kexu da koalizio independentista, itxieraren ardura EH Bilduri egotzi diola Urkulluk uste baitu.

Urkulluk «dena ETA da» lelopean garatutako politikaren emaitza dela itxiera agindua esan du eta salbuespen legeen aurka dagoela. Behin salaketa eginda, ordea, adierazi du ez Lakua eta ezta euskal gizartea ere ez direla «ezker abertzaleak hamarkada luzez bortizkeria babestearen erantzule». Hitz hauek entzunda, Herriko tabernen itxieraren ardura EH Bilduri egotzi diola uste du Julen Arzuaga legebiltzarkideak.

Arzuagaren ustez «bidegabekeria hori pairatzen ari direnak egoeraren erantzuletzat hartu ditu lehendakariak eta injustizia horren ardura kaltetuen bizkarrean utzi du». Legebiltzarkide independentistak erasoei aurre egiteko eskua luzatu diola esan du eta «haren erantzuna zaplaztekoa» izan dela. EH Bilduko parlamentariaren ustez «bakea eta bizikidetza erasoten dituen heinean jendarte osoa dago Rajoyren jomugan».