Gero eta ekintzaile gehiago hiltzen dituzte, Latinoamerikan batez ere
Gizakiok mehatxupean dugu planeta. Umeei abesten zaienez, Lurra gaixo dago eta estu laztandu beharko dugu sendatzea nahi badugu. Zientzialariek zenbakiak ipini dizkiete mehatxuei eta hondamendia saihesteko egin beharrekoa nabarmendu dute.
Gizakiok mehatxupean dugu planeta. Umeei abesten zaienez, Lurra gaixo dago eta estu laztandu beharko dugu sendatzea nahi badugu. Zientzialariek zenbakiak ipini dizkiete mehatxuei eta hondamendia saihesteko egin beharrekoa nabarmendu dute. Eta agintariek, berriz, arazoa beraien gailurretan aztertzen dute, baina ez dituzte hartu nahi zientzialariek gomendatutako pilulak eta sukarra gero eta handiagoa da.
Aita Santuak berak ere errieta egin berri die politikariei “Laudato Si” entziklikan: «Ingurumenari buruzko munduko gailurren porrotek erakusten dute teknologia eta finantzen mendean dagoela politika. Interes partikular gehiegi dago. Errazegi, interes ekonomikoa guztien onuraren gainetik jartzen da eta informazioa nahasten da norberaren proiektuak ez kaltetzeko».
Parisko hitzordua
Planetaren sukarra jaits dadin oso garrantzitsua izango da guztiek aipatzen duten Parisko gailurra, aurten bertan abenduan agintariek egingo dutena, klima aldaketaren inguruan egin beharrekoa zehaztuko omen duen hitzordua.
Munduan zehar herritar asko dira, ordea, agintarien erabakien zain egon gabe lurra defenditzen dutenak, zauriei tiritak ipintzen dizkietenak. Eta horiek, kasu askotan, oso garesti ordaintzen dute ausardia, Frantzisko Aita Santuak gauza bera eskatu arren: 2014an 116 ekintzaile hil zituzten mundu osoan, Global Witness nazioarteko erakundeak egin duen “Zenbat gehiago?” txostenaren arabera.
«Ingurumenaren suntsiketaren aurkako jarrera hartzeagatik, astean gutxienez bi pertsona erailtzen dituzte munduan. Kasu batzuetan Poliziak protestaldi batean tiro eginda; beste batzuek hiltzaile profesionalek hiltzen dituzte. Konpainiek beren negozioa egiteko lur gehiago bilatzen duten artean, gero eta herritar gehiagok ordaintzen du interes horien aurkako jarrerari eustea», irakur daiteke aipatu testuan.
Orrialdeotan lurra defendatzen saiatzen diren ekintzaile horiek nabarmendu nahi izan ditugu, azken bolada honetan ezagutu ditugun borroka batzuk gogora ekarriz. Lurrari eustea helburua izanik, normaltzat jo beharko da “Zenbat gehiago?” txostenean aipatzen diren biktimen %40 indigenak, jatorrizko herrietako kideak, izatea, beraiek baitira bizirauteko lurraren behar gehien duten gizakiak (lurra galtzen dutenean, herritar horiek beren bizimodua eta nortasuna ere galtzen dituzte; eta herri horiek, beren kultura eta hizkuntzekin batera, desagertu egiten dira).
Global Witness erakundeak onartzen du bere txostenean aipatzen diren kopuruak oso motz gera daitezkeela benetan gertatzen diren hilketekin alderatuz gero, gaiari buruzko datu ofizialik ez baita izaten. Kontuan hartu behar da askotan Estatuaren kudeatzaileak beraiek izaten direla ekintzaileak hiltzeko agintzen dutenak, beraz…
Lotsaz hildako indigena
Afrikako Kamerunen lotsaz hil zen baka etniako kide bat, Armel, WWF Naturarentzako Mundu Funtsa nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeak (ingurumenaren kontserbazioari, ikerlanei eta oneratzeari buruzko gaietan lanean dihardu, teorian bederen) duen egoitzan basozainek torturatu ondoren.
Survival International erakundeak salatu du gertatutakoa. Armel eta bere herria parke nazional izendatutako eremu batean bizi dira. Oihanean harrapatzen dutena jaten dute, baina basozainek «isileko ehiza» deitu diote beren jarduerari, ez baitzaie komeni: nahiago dituzte diru asko uzten dituzten turistak, abere handiak hiltzeagatik dirutza uzteko prest dauden horiek, beraien poltsikoetara ere iritsiko baita zerbait.
Basozainak Armelen herrira ailegatu ziren eta bertako guztiak ilara luze batean ipini zituzten, jaioberri bat eta bere ama barne: eserita eta eguzkiari begira. Denbora askoan horrela eduki ondoren, gizonezkoak eraman zituzten WWFren egoitzara eta jipoitu egin zituzten. Handik hilabete batzuetara hil zen Armel. Erasoaz geroztik bizirik jarraitzeak lotsa ematen ziola esan zien ondokoei.
Survivaleko adituek diote jatorrizko herriak direla basoei eta ekosistemei eusteko laguntzarik onena, eta munduan bioaniztasun gehien duten lekuen %80an indigenak bizi direla. Hala ere, herri horiek kanporatu egiten dituzte beren lurretatik, negozio egiteko enbarazu egiten dutelakoan. Kontuan hartu behar da parke nazional horiek bertan bizi ziren herriei ezer galdetu gabe izendatu zituztela hiriburuko agintariek.
Orain arte beren bizimodua izan dena, orain debekatuta daukate. «Gure dieta aldatu egin dugu eta errazago gaixotzen gara. Gure azalari ez zaizkio gustatzen ez hemengo eguzkia ez bizimodua. Basoan osasuntsu gaude eta gizendu egiten gara. Orain guztiok gaude ahulduta, gaixotuta bezala. Gure arazoak ahazteko edan beste irtenbiderik ez dugu», esan zuen Mbaya herritarrak. Baka herriak ere izan ditu diruzalekeriak eragindako hildakoak, baina horiek ez dira ageri inongo estatistiketan. Ezta Global Witness erakundeak egindakoan ere.
Afrikan bertan bestelako kasurik ere izan da azken bolada honetan, ospatzea merezi duten istorio horietako bat. Ipuin bat dirudi, baina benetan gertatutakoa da. “Uganda: adineko andre bat presidentearen aurka borrokatu da lurrarengatik eta irabazi egin du”, izenburua ipini zion hedabide batek Phil Wilmoten testuari.
Amonaren titiak eta presidentea
Adineko andrea Keromela Anek da, atxoli etniakoa. Bere herria, Apaa, Ugandako iparraldean dago, Hego Sudango mugatik gertu. Bertako herritarrek bizi diren lurraren jabetza-titulurik ez dutenez, Yoweri Museveniren Gobernuak bereak izango balira bezala jarduten du.
Agintariek oso garbi ikusi zuten negozio egiteko aukera: Apaa herria dagoen lekutik beste puntu batera eraman eta eremua Bruce Martin Hegoafrikako dirudunari saldu (ehizarako eta beste kirol batzuetarako erabili nahi zituen lurrok).
Apirilaren 16an, Daudi Migereko Lurralde ministroa eta Nyakairima Aronda jeneral eta Barne ministroa herrira joan ziren, beren asmoak bete nahian. Baina Apaara iristen ari zirela, Keromela Anek ikusi zuten errepidean etzanda, eta larrugorrik. Beste emakume batzuen laguntzarekin, negarrez ari zen, eta hiriburuko bisitariak iraindu zituen. «Migereko garrasika hasi zen eta Arondak nahiago izan zuen emakume haiei ez begiratzea», idatzi du Wilmotek.
Lekuko batzuek adierazi dute Arondak presidenteari hots egin ziola (hiru hamarkada daramatza karguan Ugandako diktadoreak), eta emakumeei tiro egiteko agindua jaso zuela. Ez dugu jakiterik presidenteak zer agindu zion, baina zer egin zuten guztiek ikusi ahal izan zuten: funtzionario guztiak joan egin ziren herritik. Herritarren garaipena, agintearen porrota.
TheEcologist.org webguneak esplikatu du Aneken protestaldiak bazuela aurrekaririk Apaan bertan. Orain lau urte UWA Uganda Wildlife Authority erakunde ofizialeko langileek eta zinegotzi batek su eman zieten etxolei eta uztari, bertan bizitzea legez kontrakoa zela esanez (lurra Gobernuaren jabetza delakoan). Gainera, Okot Alaba 29 urteko neska biluztu eta jipoitu egin zuten, hil zuten arte, bere etxetik atera nahi ez zuelako. Okot Anek beraren alaba zen.
Caceresentzat «Nobel berdea»
Geroztik mehatxuka askotan joan zaizkie Gobernuaren ordezkariak. 2012an presidentea bera Apaa ondoko herri batera joan zen, herriko lurrak Madhvani konpainia multinazionalari eman behar zitzaizkiola esanez. Museveniren mehatxua entzutean, herriko adineko andreak biluztu egin ziren. Seinale txarra, Afrikako leku askotan norberaren amaren adina duen emakume bat biluztea madarikazio modukoa baita. Geroztik Museveni ez da bertaratu eta Keromela Anek heroitzat dute herritarrek.
Tankerako merituak ditu Berta Caceres hondurastar ekintzaileak ere. Apirilean Goldman Saria, edo “Nobel Berdea”, eman zioten Agua Zarcako urtegi proiektuaren aurkako borroka dela-eta. «Ez bortxatzeko eta jipoitzeko mehatxuek, ez bere ama hiltzeko eta alabak bahitzeko mehatxuek, ezta bere lagunen erailketek ere ez dute lortu emakume hondurastar hau geldiaraztea», idatzi dute BBC kate britainiarraren webgunean.
Lenca herria bat eginda
Caceresek lenca etniako herritarrak antolatu zituen, Sinohydro Txinako konpainiak eraiki nahi zuen urtegiaren aurka. Enpresak ekimenarekin ez jarraitzea erabaki zuen azkenean eta Munduko Bankuak ere atzera egin zuen, mobilizazioen eraginez.
Chris Moye Global Witness erakundeko adituaren ustez, Caceresen kasuak oso ondo islatzen du Hondurasen ingurumenaren aldeko ekintzaileek jasan behar izaten duten jazarpena.
Honduras da gaur egun ingurumenaren aldeko ekintzaileentzat lekurik arriskutsuena (populazioa kontuan hartuta), Global Witnessen arabera. Caceresek makina bat mehatxu jaso ditu bere jardueraren eraginez, baina inork ez du lortu emakumeak atzera egitea. «Gaur egun 400.000 inguru lenca gara. Hondurasen eta El Salvadorreko ekialdean milaka urte egin ditu gure herriak. Naturaren zaindariak gara, lurrarenak, eta, batez ere, ibaienak», dio hondurastar ekintzaileak, lenca herriaren tradizioaren arabera emakumezko espirituak ibaian bizi baitira, eta emakumeak dira espiritu horien zaindari nagusiak.
Ibaien aldeko borrokarik handiena da Agua Zarcakoa. Rio Blancoko herritarrak 2006an konturatu ziren makineria astuna sartzen ari zirela. Gobernuak ez zien ezer esan bertakoei, baina proiektu hidroelektriko bat abian jartzeko asmoa zegoela ikusi zuten.
Hondurasen azken urteotako bilakaera ulertzeko ezinbesteko datua da 2009ko estatu kolpea. Geroztik sailkapen negargarri guztietan goiko postuetan ageri da herrialdea, baita ingurumenaren aldeko ekintzaileen hilketei dagokienez ere. Gauza bera gertatzen da proiektu erraldoiekin: geroztik horrelako ekimen asko sortu da.
«Agua Zarcako proiektuarekin aurrera egin izan balute, herritar asko bertatik beste nonbaitera eramango zituzten; ezinezko izango litzateke nekazaritzarekin jarraitzea. Ez baitute ibaia bakarrik pribatizatu nahi, ondoan dagoen eremu zabala baizik. Ibaia komunitatearen ondasun izatetik esku pribatuetan egotera pasatzen da», adierazi dio Berta Caceresek BBC kateari.
Herritarrek makina bat batzar egin zituzten proiektuaren berri izateko. Beraien kezkek Gobernuaren aldetik erantzunik jasotzen ez zutenez, 2010ean Caceresek hiriburura eraman zuen protestaldia.
Errepide mozketak
Tegucigalpako mobilizazioak ez zuen gauza handirik lortu eta 2013an errepide mozketekin hasi ziren, konpainiak makineria eramaterik izan ez zezan. Oso garai gogorra izan zen, era guztietako pertsona armaturi egin behar baitzieten aurre: soldaduei, poliziei, zaindari pribatuei, sikarioei... Lenca herriaren hiru buru hil zituzten orduan. Horietako bat Tomas Garcia zen. Berari tiro egin zion militarra atxilotu zuten, baina berehala aske geratu zen.
Sinohydrok atzera egitea erabaki zuen, eta herritarren jarrerak eragindako erabakia zela erantsi zuen. Baina dagoeneko sortu dira proiektuarekin jarraitu nahi duten beste konpainiak, Alemaniako Voith Hydro esaterako. Borrokan segitu behar!
Peruko giza mugimenduak ere nabarmendu dira azken bolada honetan meatzaritza proiektu jakin batzuen aurkako borrokarengatik. Tia Mariako proiektuaren aurkako protesten eraginez dagoeneko sei ekintzaile hil dituzte, baina mobilizazioekin jarraitzen dute.
Tia Mariako proiektua Peru hegoaldeko Arequipa departamenduan jarri nahi dute abian, Islay probintzian. 1.400 milioi dolarreko inbertsioa iragarri zen hasiera batean.
Meategia noizbait lanean hasten bada, urtean 120.000 tona kobre aterako dute bertatik. Arazoa da SPCC Southern Peru Copper Corporation konpainiak ez duela inolako sinesgarritasunik bertako nekazarientzat. Protesten eraginez, maiatzaren 15ean SPCCk bi hilabeteko «etenaldia» iragarri zuen.
Gezurrez betetako propaganda
Konpainiak sekulako garrantzia ematen dio propagandari. Youtuben sartuz gero, irakurleak Tia Mariako proiektua goraipatzen duten makina bat bideo aurkituko ditu. «Etorkizuna iritsi da, poza iritsi da», entzun daiteke parke batean korrika dabiltzan umeen irudiekin batera.
Botoa eskatzen ari dela dirudien bideoan guztiak pozik ageri dira, gauza guztiak garbi daude, ez da hautsik ageri, guztiak daude irribarretsu. 3.000 lanpostu eskaintzen zaizkie bertakoei, milioi askoko inbertsio bati esker. Garapena, ongizatea, zorroztasuna... zoriona agintzen du konpainiak. «Gure ingeniariek lau urte baino gehiago egin dituzte kobrea ateratzeko konponbide egokienaren bila, ingurumena ez kaltetzeko», jarraitzen du bideoak. Baina lan horrek Arequipako herritarrak ez ditu konbentzitu.
Peru osoan sortzen diren gatazka sozialen %35 inguru hegoaldeko departamentuetan ematen dira, eta, kasu gehienetan, meatzaritzarekin lotura duten proiektuen eraginez.
2009ko San Fermin egunean aurkeztu zuen Southern Peru Copper Corporation konpainiak ingurumen inpaktuaren azterketa. Bigarren azterketa eskatu behar izan zuen, adituek lehenengoan ikusi zituzten gabezien ondorioz. Inpaktuaren azterketa berria 2011n aurkeztu zuten, herritarren protesten artean. Proiektua geldirik egon zen 2013ra arte, eta konpainiak aurkeztutako dokumentazioari Gobernuak argi berdea eman dionez, aurten protestak indar gehiagorekin itzuli dira. Eta protestekin batera, errepresioa. Nazio Batuen Erakundeak orain aste batzuk gaitzetsi egin zuen mobilizazioen aurka erabilitako indarra. Amerigo Incalcaterra eledunak Islay probintzian hildako manifestarien senideei bere dolumina adierazi die. Nazio Batuen Erakundeak Peruko Estatuari eskatu dio gertatutakoa behar bezala ikertzeko, arduradunak zigortu ahal izateko.
Konpainia handien eta herritar xumeen arteko gatazka askotan izaten diren elementuak ageri dira Tia Mariakoan: proiektuarekin aberastu nahi dutenen propaganda, horien interesen alde lan egiten duten teknikarien txostenak, aurkako manifestarien kriminalizazioa Poliziaren eta hedabide nagusien aldetik, agintari jakin batzuen ustelkeria, mehatxuak... Baita hedabide ausart batzuen informazioa eta Arequipatik kanpoko herritar eta elkarteen elkartasuna ere.
Edonola ere, Peru ez da herrialderik okerrena, propio hildako ekintzaile kopuruari dagokionez, Brasil baizik. Global Witness erakundeak egin duen txostenaren arabera iaz 29 ekintzaile hil zituzten herrialde erraldoian, 25 Kolonbian, 15 Filipinetan eta 12 Hondurasen.
Latinoamerika, txarrena?
Kontinenteei dagokionez, Latinoamerika litzateke txarrena, Global Witnesseko adituek egindako kalkuluen arabera bertan 88 ekintzaile hil baitzituzten iaz (116 mundu osoan). Txarrena, ala onenetarikoa? Bertan gutxienez zenbatzen dituzte hildako ingurumenaren aldeko ekintzaileak, Afrikan, esaterako, oso zaila dena.
Raimundo Rodrigues da Silva 42 urteko nekazariari tiro egin zioten iaz Brasilgo ipar-ekialdeko Maranhao estatuan. Rodrigues bere herria mehatxupean daukan latifundioaren aurkako borrokan nabarmendu zen eta horregatik sartu zuten bere izena “zerrenda beltz” batean.
Global Witnessek dio Brasilen 477 ekintzaile hil dituztela 2002az geroztik, kasu gehienetan lurraren jabetza eta erabilerarekin lotura duten gatazken eraginez. Normalean ez dituzte hiltzaileak harrapatzen eta krimenak zigorrik gabe geratzen dira. Rodrigues salbuespen bat da, ustezko hiltzailea espetxean baitaukate, epaiketaren zain. Diogo Cabral CPT Lurraren Batzorde Pastoraleko abokatuak adierazi du herrialdean lurraren aldeko lanean aritzeagatik hildako beste 1.200 lagunen kasuak artxibatu egin dituztela epaileek, arduradunak zigorrik gabe uzteko.