NAIZ
DONOSTIA

Sei euskaltzain urgazle berri izendatu ditu Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiak Rikardo Arregi, Roberto Gonzalez de Viñaspre, Karmele Jaio, Iñaki Martinez de Luna, Patxi Salaberri Muñoa eta Blanca Urgell euskaltzain urgazle izendatu ditu.

Karmele Jaio idazlea euskaltzain urgazle izendatu dute, beste bost pertsonarekin batera. (Euskaltzaindia)
Karmele Jaio idazlea euskaltzain urgazle izendatu dute, beste bost pertsonarekin batera. (Euskaltzaindia)

Euskaltzaindiak uztailaren 17an Donostian egindako osoko bilkuran sei euskaltzain urgazle berri izendatu ditu: Rikardo Arregi, Roberto Gonzalez e Viñaspre, Karmele Jaio, Iñaki Martinez de Luna, Patxi Salaberri Muñoa eta Blanca Urgell.

Rikardo Arregi Diaz de Herediak (Gasteiz, 1958) Psikologia eta Irakasle ikasketak egin zituen Salamancan eta Euskal Filologian lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Bigarren hezkuntzako irakasle eta idazlea da. Hiru poema liburu argitaratu ditu.

Roberto Gonzalez de Viñaspre (Bilbo, 1961) Euskal Filologian lizentziatu zen, Deustuko Unibertsitatean. Lakuako Gobernuko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saileko hizkuntz teknikaria da. 2005etik Euskaltzaindiaren Onomastika batzorkidea da eta 2009tik 2013ra Gasteizko Toponimia egitasmoko aholkularia izan zen. Deustuko Unibertsitateak edota Lakuako Gobernuak abiatutako hainbat toponimia egitasmotan parte hartu du.

Karmele Jaio Egiguren (Gasteiz, 1970) Informazio Zientzietan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Emakundeko Komunikazio arduraduna da, eta baita idazlea ere. Hainbat liburu idatzi ditu, eta iritzi artikulu eta zutabeak kaleratzen ditu hainbat hedabidetan. Bere liburuak gaztelaniara, alemanera, edota errusierara itzuli dira.

Iñaki Martinez de Lunak (Gasteiz, 1950) Soziologian doktoregoa eskuratu zuen Deustuko Unibertsitatean. Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da eta 1986tik Lakuako Gobernuko Prospekzio Soziologikoen Kabineteko arduraduna da. Hizkuntzaren soziologian aditua da, bereziki hizkuntza gutxituen soziolinguistikan. Besteak beste, Euskara Aholku Batzordeko kide eta Euskara 21 ataleko zuzendaria da.

Patxi Salaberri Muñoa (Aramaio, 1956) Euskal Filologian doktorea da eta Euskal Herriko Unibertsitateko Filologia irakaslea. EHUko EUDIA euskararen bariazio soziolinguistikoa ikertzeko sortutako taldeko kidea da.

Blanca Urgell Lazaro (Gasteiz, 1962) Euskal Filologian doktorea da eta EHUko Filologia irakaslea, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak sailean. EHUko Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeko kide da. Lakuako Gobernuko Kultura sailburua izan zen 2009-2012 artean.