Ander Perez Zala
DONOSTIA

Herriko tabernen sententziaren aurkako mobilizazioa Donostian, abuztuaren 8an

«Sentimendu eta pentsaera ezbedinetako» herritar talde batek 35/02 auziaren sententziaren aurkako mobilizazioa antolatu du Donostiako Gipuzkoa plazan, abuztuaren 8an, 17.30ean. Donostiako Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoei deia egin diete eskubide zibil eta politikoen alde aurkeztu duten mozioarekin bat egin dezaten.

Herritar taldearen agerraldia abuztuaren 8ko mobilizazioa aurkezteko. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Herritar taldearen agerraldia abuztuaren 8ko mobilizazioa aurkezteko. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Hainbat herritarrek agerraldia egin dute gaur Donostian 35/02 auziaren sententziaren harira azken asteotan bildu dituzten atxikimenduen berri eman eta Aste Nagusian antolatu duten mobilizazioa aurkezteko, «halako arazoekin amaitu behar dela aldarrikatzeko, eta bat egin politika eta kulturari ateak ezin zaizkiela itxi adierazteko».

«Sentimendu eta pentsaera ezberdinetako» herritar taldeak hitzordua finkatu du abuztuaren 8an, 17.30ean, Donostiako Gipuzkoa plazan abiatuta, ‘Politikari eta kulturari aterik ez itxi’ lelopean. Ekainean espainiar Estatuko Auzitegi Gorenak sententzia berretsi zuen eta lau donostiar zigortu zituen: Joseba Alvarez, Joseba Permach, Juani Lizaso eta Agus Rodriguez. Horrekin batera, bost elkarte konfiskatzeko agindua eman zuen: Hontza, Marruma, Herria, Haritza eta Txalaka.

Sinatzaileen ustez, epai horrek «XXI. mendean oraindik Euskal Herriko militantzia politikoaren atzetik dabilenaren larritasuna azpimarratzen du».

Era berean, herritarrak dei egin diete mobilizazioarekin bat egin dezaten, eta Donostiako Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoei duela «2-3 aste mozio moduan aurkeztutako deklarazio instituzionalarekin bat egin dezaten». Mozioa ostegunean, uztailak 30, eztabaidatuko dute Udaleko osoko bileran.

800 atxikimendu

800 bat «pertsona ezagun eta ez hain ezagunek» eman diote atxikimendua ‘Eskubide zibil eta politikoen aldeko’ adierazpenari, horien artean Kattalin Milner mugimendu feministako kideak, Fito Rodriguez idazleak, Daniele Sarriugarte idazleak, Iñaki Egaña historialariak, Eneko Olasagasti zinemagileak, Xabier Peñalver Aranzadiko kideak, eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak. Agerraldiaren ondoren erregistartu dituzte atxikimenduak Udalean.

Adierazpenean azaldu dutenez, «ozen aldarrikatu nahi dugu, aurrera urratsak, konponbide justua, denok garaile izango garen eskeman soilik etorriko dela», eta zigortutakoen absoluzioa eta herriko tabernen zigorraren indargabetzea eskatu dute.