NAIZ
IBARRA

Ibarrako herriak Urquijori erantzun dio ez duela jai giroa ozpintzea lortuko

Urquijok eskatu eta epaileak eman. Txupinazoa bota baino minutu batzuk lehenago heldu zen debekuaren agindua. Urquijok eskatu, epaileak eman eta herriak erantzun. Debekua ezagututa, herritarrek agerraldia egin zuten. Jaiak aurrera darrai, elkartasunak ere bai.

Ibarrako San Bartolome jaiak abian dira jadanik. Ez dira hasi, ordea, herritarrek nahi zuten bezala. Beste behin ere, Gobernu espainolaren ordezkari Carlos Urquijok jai giroa zapuztu nahi izan du, kasu honetan txupinazoa presoen senideek bota behar zuten aitzakian. Ekitaldi hori bertan behera uzteko eskatu zuen, eta epaileak hala egin zuen. Agindua eguerdia baino minutu gutxi batzuk lehenago heldu zen Udalera, eta herritarrek ez zuten denbora asko behar izan erantzuna emateko.

Izan ere, Ibarrako festa batzordeak agerraldi jendetsua egin zuen plazan, eta jazotakoaren aurrean Urquijok herri honekiko agertzen duen jarduera «inposatzailea eta murriztailea» dela salatu zuen. Debekua, «herriak bere erara antolatzeko duen eskubidearen aurkako beste eraso bat» dela salatu zuen, eta gogora ekarri zuten 2008an erabaki zela Ibarrako jaietako aurtengo txupinazoa nork botako zuen. Baita 2024ra bitartekoak ere. Urquijoren argudioei dagokienez, batzordeak adierazi zuen maitasuna eta elkartasuna ez direla delitu, «ezta maitasuna eta elkartasuna adierazten dutenei leku bat egin izana ere festetako programan». Horregatik, sanbartolometan parte hartzen dutenei eskatu zieten, «aukera duten guztietan salatzeko Urquijoren azken eraso hau».

Txalo artean agerraldia bukatu aurretik, festa batzordeko kideek esan zuten Urquijok «giroa ozpindu» nahi izan duen arren, ez duela lortuko «ibartarrek festarako erakutsi ohi duten giroa eta grina zapuztea».

EH Bilduk ostegunean bertan salatu zuen Urquijoren jarrera «antidemokratikoa eta inposatzailea», eta atzo Etxeratek, ildo berean, adierazi zuen «beste behin», agerian geratu dela Gobernu espainolaren ordezkariak «gure herriaren errealitatearen berririk ez izateaz gain, euskal errepresaliatuen senideen aurkako jarrera beligerantea» duela. «Sorgin ehizarekin jarraitzea beste ardurarik ez duen figura horrek, entzungorrarena egiten jarraitzen du, mendekua besterik nahi ez duten zenbait kolektibok markatutako ildoak jarraituta», salatu zuen Etxeratek prentsa ohar baten bidez.

Euskal presoen senideen elkarteak, azkenik, elkartasuna adierazi zion Ibarrako Udalari.