NAIZ
DONOSTIA

Auzolanean berreraikiko duten Kortxoenearen alde manifestazioa egingo dute Donostian

Kortxoenea eraisteko Donostiako Udal Gobernuak egin zuen saiakera «guztiz legez kanpokoa» izan zela salatu dute gaztetxeko kideek. Auzolanean ekin diote berreraikitzeari eta hainbat salaketa ekimen iragarri dituzte, horien artean datorren larunbatean, hilak 12, Donostian egingo den manifestazioa.

Kortxoeneako kideen agerraldia. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Kortxoeneako kideen agerraldia. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Kortxoeneako kideek agerraldia egin dute larunbat honetan eta gogor egin dute Donostiako Udal Gobernuaren aurka, honek aginduta atzo saiatu baitziren hondeamakinak –ertzain eta udaltzainen laguntzaz– gaztetxea eraisten.

Gros auzoko gaztetxeko kideek gogoratu dute bost urte igaro direla fabrika zaharra okupatu zutenetik eta ordutik antolatu dituzten ekimenen inguruko errepasoa egin dute: hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak, antzerkia, liburutegia...

Kortxoenea eraisteko saiakerarekin, salatu dute, Udal Gobernuak erakutsi du «proiektu autogestionatuekiko duen jarrera». Horrez gain, nabarmendu dute «guztiz legez kanpokoa» izan zela saiakera hura. «Gurekin, eraikinaren erabiltzaileekin inolako hartu emanik izan gabe etorri eta guztia suntsitzen hasi ziren. Argi geratu zen beraien asmoa: baimenik gabe eraikina botatzen hasi, egoerak atzera bueltarik izan ez zezan eta horrekin prozedura guztia azkartu», azaldu dute.

Hala ere, azpimarratu dute herritarrei esker «jokaldia» ez zitzaiela nahi bezala atera.

Ildo horretan, orain erantzuteko unea heldu dela esan dute Kortxoeneako kideek. «Datozen egunetan Kortxoenea auzolanean berreraikitzeko deialdia luzatu nahi diegu herritarrei, ilusioz eta konpromisoz edozein amets gauzagarria dela erakutsiko dugu», aldarrikatu dute.

Horrekin batera, hainbat salaketa ekimen prestatuko dituzte, horien artean datorren larunbatean, irailak 12, Kukutzako auziperatuekiko elkartasunez mobilizazio eguna deitua den egunean, arratsaldeko 17.30ean, Donostiako Bulebarretik abiatuta egingo den manifestazioa.