NAIZ
DONOSTIA

EH Bildu: «Guk ere bidea zabalik daukagu Euskal Estatu independentea erdiesteko»

EH Bilduk Kataluniako herria zoriondu du eta independentziak irabazi zuela nabarmendu du, eta han bezala, Euskal Herrian ere «Euskal Estatu independentea erdiesteko» bidea zabalik dagoela adierazi du.

EH Bilduko ordezkariak, Kataluniako emaitzak baloratzeko prentsaurrekoan. (@ehbildu)
EH Bilduko ordezkariak, Kataluniako emaitzak baloratzeko prentsaurrekoan. (@ehbildu)

EH Bilduko ordezkaritza batek agerraldia egin du Donostian, Kataluniako hauteskundeen balorazioa egiteko. Hasier Arraiz, Ikerne Badiola, Rebeka Ubera, Oskar Matute, Unai Urruzuno eta Sabino Kuadra izan dira komunikabideen aurrean.

Arraizek, guztien izenean, Katalunian independentziak irabazi zuela nabarmendu du. «Independentziak irabazi zuen parlamentarietan eta botoetan. Hauteskundeen izaera plebiszitarioa ukatzen zutenak dira orain izaera hori eman nahi diotenak eta zenbaketan iruzurra egin nahi dutenak», salatu du.

Euskal Herriari begira jarrita, Katalunian bezala hemen ere «Euskal Estatu independentea erdiesteko bidea zabalik» dagoela esan du. «Euskal Herrian hasia dugu independentziarako bidea; independentziak bakarrik bermatzen du justizia soziala bizi dugun eszenatoki politikoan».

EH Bilduko ordezkariek dei egin die eragile politiko, sozialei eta herritarrei, «ilusio eta itxaropen bide berria» elkarrekin egin dezaten.

Nabarmendu duenez, Euskal Herriak «bere bidea» egin behar du, Nafarroan, «aldaketa politikoa egonkortzen»; eta EAEn, «herritarren eskura tresna politiko berria jarriz».

Horretarako, beharrezko jo du «akordio politikoa, herritarrei zer galdetu erabakitzeko».

«Akordio politiko hori herritarrekin eta eragile politiko eta sozialekin egiteko prest da EH Bildu, eta EAEn akordio politiko horrek balio behar du herri honek orain arte hartu ez dituen bideetatik ibiltzeko. Hau da, akordio politiko horrek ezin du balio ibiliak ditugun bideetatik ibiltzeko. Bide berriak behar ditugu, askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako herri honek ezagutzen en dituen eszenatokietara iristeko», adierazi du.