Oñatiarra da, 59 urte ditu eta horietatik 24 kartzelan igaro ditu. Justizia espainolarekin izan zezakeen «zorra» honezkero kitatua beharko lukeela pentsa daiteke, batik bat, legeriak berak horrela diolako. Alta, Europako zuzentarauari muzin eginez eta, alderantziz, zenbaiten presio eta exijentziei men eginez, Madril ez da asebetea eta berriro kartzelatu nahi du. Asmo horrekin eskatu zion Estatu frantsesari bere eskuetan jar zezala, irailaren 7an Ziburuko bere etxean atxilotua izan ostean. Alabaina, Paueko auzitegiak ez du euroagindua onartu eta Alberto Plazaola aske geratu da.
Hitz gutxikoa dela eta nabarmentzea gustuko ez duela igartzen zaion arren, GARAren galderak erantzuteko prest agertu da. Osteguneko erabakiaren ondoren «askoz lasaiago» dagoela aitortzen du, nahiz eta Paueko auzitegiaren deliberoa bide horretatik joango zela espero zuen, bere kasuan euroagindua aplikaezina delako.
Halere, ez du ahanzten buru gainean beste Damoklesen ezpata bat duela, estradizio eskaeraren aukera, hain zuzen ere. «Kezka hori hor dago, egia da. Prozedura desberdina da eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Momentuz ez dugu ezeren berririk».
Prozedura hori «garantistagoa» al den galdetuta, hala dela dio Plazaolak: «Denboran ere euroagindu baten prozedura baino luzeagoa da, epaileek zehatzago aztertzen dituzte eskaerak, agian erabat funtsean sartu gabe, baina formazko alde hutsetatik baino harago mamian gehiago sartzen dira eta entregatzeko eskaeraren motibazioak gehiago aztertzen dituzte. Gainera, defentsa era egokiagoan bideratzeko eta helegiteak aurkezteko ere prozedura bermatzaileagoa da. Eta azken finean, bide judiziala amaituta, Gobernuak berak erabakitzen du estradizioa gauzatu ala ez». Baina oraingoz ez dago horretan.
Atzera begirako errepasoa egitean, abenduaren 4an espetxetik kanpo utziko zutela ez zuen seguru: «Batzuetan hala izango zela zirudien, gero konplikatzen zen... azken unera arte hor ibili ginen, baiezkoaren eta ezezkoaren artean. Familia bera ere zalantzan zen, Galizian zain geratu edo etxera itzuli. Azkenean kanpora gindoazela esan zigutenean, pixka bat sorpresa izan zen, kontrako iritziak ere izan baitziren».
Iskanbila ederra sortu zuten bere eta Santiago Arrozpideren kaleratzeak baliatuz. Presio hura «oso gaizki bizi» izan zuen. Horren adierazgarri da bi hilabeteetan 12 kilo galdu zituela: «Hainbeste urte kartzelan eman ondoren, normaltasunera itzultzeko zailtasunak izan ohi dira. Tentsio harekin zama handiagoa egin zitzaidan eta egokitzea ere askoz zailagoa bihurtu zen».
Bide hori egiteko denborarik ez zuen izan preso ohiak: «Auzitegi Nazionalaren ebazpena erabakigarria izango zela espero zen hasieran, baina gero, trikimailu juridikoak erabiliz, Gorenera eraman zuten eta hark deuseztatu egin zuen eta ni atxilotzeko agindua eman».
Ihes egiteko erabakia
Plazaolak, ordea, ihes egitea erabaki zuen: «Ez zen erabaki erraza izan: espetxea edo ihesa. Bigarrena hautatu nuen, lehena baino leunago zelakoan. Kondenen kitapenerako urte eta erdi geratzen zitzaidala uste nuen, baina espetxetik ateratzerakoan eman zidaten dokumentuan agertzen zen 2003tik erredentzioak deuseztatu egin zizkidatela, inolako abisurik gabe, eta lau bat urte geratzen zitzaizkidala. Euroagindu eskaeran 1.500tik gora egun azaltzen zen. Argi nuen ez niela ni espetxeratzen utziko».
Orain dela 19 urte Parisek Auzitegi Nazionalaren esku utzi bazuen ere, arriskuak arrisku, bertara joatea aukeratu zuen: «Banekien atxilotua izateko arriskua zegoela, baina neure burua defenditzeko aukera gehiago izango nituela uste nuen. Hori ere neurtu nuen Oñati utzi nuenean».
Espetxealdiaren murrizketa aplikatzeko, hots, Estatu frantsesean jada betetako kondena kontuan hartzera behartzeko bide judizialean aukera gutxi ikusten zituen. «Orduan Luxenburgoko auzitegiak gure alde egingo zuen esperantza bagenuen, baina berriro trikimailuak erabiliz, Auzitegiko salak erabaki beharrean Mahai osoak hartu zuen gaia bere gain, eta bide hori ere zapuztu egin zuten. Gelditzen zen –eta den– bidea Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira jotzea zen, baina hark erabakitzeko urte asko ematen ditu eta nire kasuan behintzat ordurako kondena osoa egina izango nuen».
Europak Estatu espainolari espetxealdiaren murrizketa aplikatzeko betebeharra duela errepikatzen dion arren, Plazaolak ez du uste eragin handirik duenik: «Belarritik tiratu bai, baina gero ez dute arauak betetzera behartzen. Beharbada, politikoki beste gobernuek ere erreklamatuko baliote, agian kasu berean barruan dauden 80 kideak kaleratuko lituzkete. Baina beren legeak betearazteko ere indarrak elkartu eta mobilizatzen segitzea da bide eraginkorrena».
Ildo horretatik, herritarrengandik eta bereziki oñatiarrengandik jasotako elkartasuna azpimarratzen du: «Oso babestua eta oso maitatua sentitu naiz eta horrek asko lagundu nau. Ezagutzen ez ninduten hainbat pertsona ere hor izan ditut, alboan», nabarmentzen du.
Bizitza berriaren aukera
Hogeita lau urte espetxean igarota, berriro giltzapetua izateko mehatxua nola bizi duen galderari zailtasunez erantzun dio isilune luze baten ostean: «Bizi berri bat hasteko aukerak dituzula pentsatuz ateratzen zara eta bat-batean guztiz zapuztuak geratzen dira. Oso gogorra da. Eta familiarentzat ere bai. Urteetako zama amaituko zelakoan, jarraituko duela ikustea oso latza da beraientzat ere. Baina, tira, gaurko egoera erabateko askatasuna ez bada ere, orain lasaiago gaude. Gainera, Euskal Herrian nago, etxean».
Aurrera begirako egitasmoak azaltzean, «bizitza normala» du ahoan: «Orain zer? Etxe bat badut, lantxo bat agertzen bada hobe... bizitza ahalik eta normalena egin, beste edozeinek egiten duena». Jabetzen da, halere, eta horrela aitortzen du hunkituta, «burua han, barruan» daukala oraindik: «Gutxienez 80 kide horiek aterako bagenitu...».