naiz
GASTEIZ

EH Bilduk Otegi eta Diez askatzeko legez besteko proposamena aurkeztu du

Julen Arzuagak, EH Bilduko legebiltzarkideak, legez besteko proposamena aurkeztu du Gasteizeko Legebiltzarrean Arnaldo Otegi eta Rafa Diezen askatasuna eskatzeko, «kalean lan egin dezaten bakearen alde«. Era berean, larunbatean Donostian izango den manifestazioan parte hartzera deitu du.

Rafa Diez eta Arnaldo Otegi, 2009ko irudi batean, Donostian. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Rafa Diez eta Arnaldo Otegi, 2009ko irudi batean, Donostian. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Gasteizeko Legebiltzarrean Arnaldo Otegi eta Rafa Diezen askatasuna eskatzeko. «Ez dago ez aitzakiarik ez arrazoirik aldarrikapen horrekin bat ez egiteko», nabarmendu du Julen Arzuaga legebiltzarkideak.

Zentzu honetan, gogoan izan du «alor politikotik, nazionaletik zein nazioartekotik, gero eta ahots gehiago» entzuten ari direla «eskubide zibil eta politikoen egikaritzan dauden preso hauen egoera salatzeko». Igandean espetxetik atera ziren Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez ekarri ditu gogora, baina hala ere, «injustizia sentsazioa gero eta handiagoa» dela azpimarratu du.

Ildo beretik, datorren larunbatean Donostian Otegiren askatasuna exijitzeko egingo den manifestazioan parte hartzera deitu du eta «Bateragune auzia izan den bidegabekeria horren aurka modu aktiboan» egiteko eskatu die eragile politiko guztiei. Norabide horretan nabarmendu egin du azken egunetan hainbat alderdik Otegi eta Diazen espetxeratzea salatu arren, mobilizazioan parte hartuko ez dutela iragarri dutela. «Azken egunotan batzuek kasu honen injustizia aitortu dute, baina jarraian adierazi dute ez dutela injustizia horren aurka jarduteko borondaterik. Guk, aldiz, ekarpen positibo eta eraikitzailea eskatzen diegu alde guztiei injustizia hori eteteko, eta horretarako aukera ona izango dute larunbatean Donostian edo Legebiltzarrean gaur aurkeztu dugun ekimenarekin bat eginik».

Azkenik, Baltasar Garzon ere aipatu du, Bateragune auzia berak jarri zuela martxan azpimarratuz. «Berak aitortzen du orain operazio haren helburua politikoa izan zela eta gaur egun ez duela zentzurik Otegi kartzelan mantentzea, bakearen alde lan egin behar duela askatasunean».