NAIZ

Institutuen erreformak euskarazko irakaskuntza «arriskuan» jartzen duela salatu du Hiru Saretak

Hiru Sareta elkarteak kezka azaldu du institutuetako erreformak euskararen gainean izango duen eragina dela-eta. Gaur egungo euskara irakaskuntza eskaintza ezingo dela bermatu nabarmendu dute eta urriaren 24an Baionan izango den mobilizazioan parte hartzeko deia egin.

Hiru Saretako kideek Baionan eman duten prentsaurrekoa. (Bob EDME /ARGAZKI PRESS)
Hiru Saretako kideek Baionan eman duten prentsaurrekoa. (Bob EDME /ARGAZKI PRESS)

Hiru Sareta elkartea osatzen duten Seaskak, Biga Baik eta Euskal Haziak elkarteak Ipar Euskal Herriko institutuetako erreformak euskarazko irakaskuntza «arriskuan» jartzen duela nabarmendu dute. Erreforma hau aukerazko eta instituto elebidunetan jarriko da martxan, «lehen hezkuntza eta institutoaren arteko segida ziurtatu asmoz».

Elkarte hauek salatu dutenez, aldaketa hauek berrikuntzak ekarriko ditu sustengu eta ikasgaien osagarriei buruz, baina euskararen irakaskuntza ez da bermatzen. «Gaur egn ezinezkoa da esatea erreformak orain arteko eskaintza bermatu ahalko duenik».

Orain arte euskara irakasgai bat bezala kontsideratua zegoen, eta beraz, dotazio berezi bat zuen. «Heldu den kurtsotik aurrera hau ez da horrela izanen», jakinarazi dute. «Euskararendako izugarrizko kolpea litzateke», azpimarratu dute.

Honen harira, Bordeleko Akademiako errektoreari hitzordua eskatu diote, gaiaren gaineko kezka azaldu asmoz. Bestetik, urriaren 24an frantziar Estatuko hainbat hiritan hizkuntza gutxituei babesa eman asmoz emango diren mobilizazioen baitan, Baionan izango denean parte hartzeko deia egin dute.