@Maider Iantzi
DONOSTIA

‘Lur eta Amets’, Euskal Herriaren historiaren kontakizuna gure ikuspuntutik

Euskal Herriko Ikastolak, Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak batera pentsatu eta garatutako proiektu handia da ‘Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia’. Ezagutza liburua, ipuin sorta, galdera-erantzunen mahai-jokoa eta aisialdirako atari digitala hartzen ditu barrenean. Gaztetxo eta haurrei zuzendutako edukiak dira, familia osoarentzat ere baliagarriak.

‘Lur eta Amets’ proiektuaren bultzatzaileak, aurkezpenean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
‘Lur eta Amets’ proiektuaren bultzatzaileak, aurkezpenean. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

«Gure herriaren historiaren irakurketa geure ikuspuntutik berreraiki eta eskuragarri jartzeko asmoz» sortu dute Euskal Herriko Ikastolak, Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak ‘Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia’. Eguerdian Donostiako San Telmo museoan egin duten aurkezpena jendetsua eta handia izan da, egitasmoaren erakusgarri.

Maddalen Iriarte aurkezle zela hartu du hitza, lehenik eta behin, lan potolo honen koordinatzaileak, Antxiñe Mendizabalek. Kontuan hartu dituzten irizpideak azaldu ditu: zorroztasuna eduki historikoetan; historiaren ikuspegi integrala ematen saiatzea; dinamikoa ere bai, malgua eta parte-hartzailea; letra handiz idatzitako Historiaz gain, herri xeheak egunero eraikitzen duen historiari kaso egitea; emakumearen figura berreskuratzea eta modu orekatu eta errealistan erakustea (horren adierazgarri da lehenengo ipuinean bertan, homo sapiensekin batera agertzen den muliens sapiensen irudia); eta jolasa, irudimena eta umorea erabiltzea.

Bere doinua ere badu egitasmoak, ‘Gure ametsaren lurra’ abestia, eta spota edo ikus-entzunezko laburra, etorkizunean egin nahiko luketen filmaren edo marrazki bizidun sailaren aurrerapena. www.luretaametshistorian.eus atari digitalean daude biak, proiektuaren informazio guztiarekin batera.

Gizakiaren sorreratik atzora arte

Lur eta Amets anai-arreba bikiak dira egitasmoaren protagonistak. Andere amonak erraten dien bezala, izanak eman die izena. Amets ameslaria da, irudimentsua, sortzaile fina eta sentibera; Lur, aldiz, geldirik egoten ez dakien horietakoa. Inguruak miatzea gustatzen zaio, korrika egitea, trebea da eskuekin, eta abenturazale amorratua. Anderek gure herriaren historia maite du, aunitz daki eta aunitz du erakusteko. Berezia eta magikoa da. Baltaxar bere etxeko katua da eta beti dabilkio inguruan. Azkura eragiten duten galderak egitea atsegin du; horregatik, aunitzek ez dute ondoan nahi. Dei Gaztelumendi eta Patxi Pelaez ilustratzaileek eman diete bizia pertsonaia hauei.

Anderek Euskal Herriaren historia deskubritzera animatuko ditu Lur eta Amets eta, Baltaxar katua bidelagun dutela, Ekaingo kobazuloan hasi eta atzo arte iraunen duen bidaia biziko dute. Gizakion sorrera ezagutuko dute, nekazari eta artzainen bizimodua, erromatarrena, Eneko Aritzaren berri izanen dute, Nafarroaren konkista biziko dute, itsasoan barrena ibili, industrializazio betean, frankismoaren atzaparretan eta gaur egungo garaian.

Ilustrazioak hagitz garrantzitsuak dira eta Lotura Films ekoizpen etxeko Juanba eta Miren Berasategiren zuzendaritzapean lan talde zabala ibili da lanean gure historiaren pasarteak eta txokoak errealismo handiz irudikatzeko: Jose Angel Lopetegi, Iñaki G. Holgado, Angel Gomez Espinosa eta Jorge Madejon.

Ezagutza liburua Manu Arregik eta Jesus Mari Olaizola ‘Txiliku’k idatzi dute. Ipuin sorta, aldiz, Uxue Alberdik (‘Atzaparra zubian’ izan ezik; hau Unai Elorriagak), Patxi Pelaezen ilustrazioekin.