NAIZ
GASTEIZ

Ortuzar: «Gu ez gara joango Moncloara Espainiako interesak eta batasuna defendatzera»

EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek adierazi du bere alderdia ez dela joan Moncloara «Espainiako interesak eta batasuna defendatzera» eta, gaineratu duenez, «ez gara joango, behintzat Kataluniako herriak esandakoari aurre egitera edo oztopoak jartzera».

EAJk Amurrion egin duen ekitaldian hartu du hitza Andoni Ortuzarrek. (EAJ-PNV)
EAJk Amurrion egin duen ekitaldian hartu du hitza Andoni Ortuzarrek. (EAJ-PNV)

Amurrion eginiko ekitaldi politiko batean, azken egunotan Mariano Rajoy Gobernu espainoleko presidenteak alderdi desberdinetako buruzagiekin egin dituen eta egin asmo dituen bilerak izan ditu hizpide Ortuzarrek.

«Han egon dira Pedro Sanchez, Albert Rivera, Pablo Iglesias eta ez dakit zenbat jende gehiago. Gu ez. Espainiako batasuna da beraien helburu bakarra. Hori eta Kataluniari eta Euskadiri dagokigun erabakitzeko eskubidea debekatzea», esan du EBBko presidenteak, eta gaineratu «horretarako gurekin jai» daukatela.

«Aberri bat gara, eta gure etorkizuna gure esku egon behar da», nabarmendu du.

Ortuzarren esanetan, «Madrilera goazen bakoitzean, ez goaz Espainiako interesak eta batasuna defendatzera; Euskadiren interesak eta gure seme-alaben etorkizuna defenditzera goaz».