NAIZ
IRUÑEA

Nafarroako ikastolek 50 urte bete dituzte eta euren historia bildu dute ‘Ametsen egia’ liburuan

50 urte dira Nafarroan lehen ikastola abian jarri zenetik eta orain 15 badira ere, ibilbide luzea izan dute. Historia guzti hori biltzen duen liburua idatzi du Fermin Erbitik, ‘Ametsen Egia’ izenburupean, eta Ikastolen Elkartea antolatzen ari den agendaren baitan. Bertan, liburuaz gain, Oskorriren agur kontzertua, pedagogia jardunaldiak, kirol lehiaketak eta azaroaren 19ko ‘50 urte gala’ dituzte markatuak.

Josu Reparaz eta Fermin Erbiti, nafar ikastolen 50 urteen agenda aurkezten. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
Josu Reparaz eta Fermin Erbiti, nafar ikastolen 50 urteen agenda aurkezten. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

Nafarroako ikastolek 50 urte bete dituzte eta hori ospatzeko hauen historia biltzen duen liburu bat aurkeztuko dute. ‘Ametsen egia’ izenburua eman dio Fermin Erbitik, eta datorren hilaren 11an aurkeztuko dute. 

Mende erdi bat bete da Iruñeko Uxue ikastolak bideari ekin zionetik, eta gaur egun 15 ikastetxe, 6.400 ikasle, 4.200 familia eta 600 profesional baino gehiago daudela jakinarazi dute, Iruñean gaur egindako prentsaurrekoan. «Gure historia eta istorioak gogoratu nahi ditugu, aberasgarria baita atzera begiratzea, nondik gatozen ikusteko eta nora joan nahi dugun hausnartzeko», azaldu dute.

Urteurren hau ospatzeko, beste hainbat ekimen ere prestatu dituzte datozen asteetarako. Larunbat honetan, adibidez, ziklo martxa eta Oskorriren agur kontzertua dituzte agendan. Aurrerago, liburuaren aurkezpenaz gain, jardunaldi pedagokiko batzuk eta igeriketa lehiaketa ere izanen dira, besteak beste.

Azkenik, azaroak 19an, ‘50 urte gala’, antolatuko dute Iruñeko Zentral kafe-antzokian. Bertan bilduko da hamarkada guzti hauetan ikastola nafarren parte izan diren pertsona ugari, baita estreinakoa izan zen Uxue ikastola hartakoak ere.