NAIZ
DONOSTIA

‘Galdutako objektuak’ aurkeztu dute Aieten, eragile ugariren babesean

‘Galdutako Objektuak’ proiektua aurkeztu dute Aieten instituzioetako hainbat pertsona eta eragile sozialen babesarekin. Mikel Zabalzaren kasua biltzen duen lana Euskal Herria, Sevilla, Madrid eta Danimarkan grabatuko da eta 2016ko irailerako prest izatea espero dute.

‘Galdutako Objektuak’ proiektua aurkeztu dute Aieten. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
‘Galdutako Objektuak’ proiektua aurkeztu dute Aieten. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Aieteko Bakearen etxean aurkeztu dute Mikel Zabalzaren kasua biltzen duen ‘Galdutako objektuak’ dokumentala. Bertan eragile ugariren babesa bildu dute. Besteak beste, Memoriaren Institutuko zuzendaria, Aintzane Ezenarro, Gipuzkoako Giza Eskubideen zuzendaria, Maribel Vaquero, Eneko Goia, Donostiako alkatea, Sortuko Pernando Barrena eta Rufi Etxeberria, Iñigo Iruin, Zabalza familiaren abokatua eta Martxelo Otamendi edo Mariano Ferrer ere bertan izan dira, baita Altza Herri Ekimeneko kideak ere.

Arkaitz Almortzak aurkeztu du proiektua, gogora ekarriz 1986ko azaroaren 26an desagertu zela Zabalza, eta 20 egun beranduago aurkitu zutela bere gorpua Bidasoa ibaian. Guardia Zibilak ihes egin nahian ito zela mantendu du ordutik. «Mikel Intxaurrondoko kuartelean hil zen, jasandako torturen ondorioz».

Bestetik, lanaren egileetako beste batek, Ahotsa.info-ko Miguel Angel Llamasek, izenburuaren zergatia azaldu du. «Mikel Zabalzaren ama bere bila joan zen Intxaurrondora, eta galdutako objektuetan galdetzeko erantzun zioten». Lan hau, Euskal Herriko gazteek «tortura sistematikoa izan de la jakin dezaten» ere balio duela gehitu du.

Mikel Zabalzaren arrebak, Idoia Zabalzak, justiziak kasuari eman dion garrantzi gutxia salatu du.

Dokumentala Euskal Herria, Madrid, Sevilla eta Danimarkan, besteak beste, grabatuko da, eta 2016ko irailean prest izatea espero dute.


Piztuk goizeko aurkezpenaz egindako erreportajea.