Ramon Sola
DONOSTIA

‘Ametsen liburua’

427 preso, preso ohi, iheslari eta iheslari izandako euskal hiritarren ekarpenak biltzen dituen ‘Ametsen liburua’ egia bilakatu da Kursaalen. «Ametsak» eta «askatasuna» izan dira gehien errepikatutako hitzak, ekitaldi hunkigarri batean. Horren inguruko hausnarketa interesgarri ugari entzun da, esaterako Joseba Sarrionandiaren ahotik.

‘Ametsen Liburua’kl 960 orrialde ditu. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
‘Ametsen Liburua’kl 960 orrialde ditu. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Urte eta erdiko lana izan da Jokin Urainek eta Fermin Munarrizek koordinatu dutena. Lan eskerga, 2.000 lagun ingururekin harremanetan jarri direlako. Emaitza aurkeztu da Kursaalen: liburu mardula, bitxia, edo hobe esanda, harribitxia. Barruan, ia 500 amets bildurik, aipaturiko 427 errepresaliatuenak zein ekimenean parte hartu duten 40 euskal artistenak.

Joseba Sarrionandiaren ahotsak itxi du ekitaldia, bere gordelekutik, aipamen argigarri batekin: jende gehienak segurtasuna eta erosotasuna lehenesten dituen garai hauetan, bada hemen askatasunaren borroka egiten duen herri bat eta horregatik zigortuak izan diren eta diren herritar asko. Poztasunez hartu du egun «bazterturik eta isildurik» dauden horiei ahotsa eman izana.

Egitasmo xume baina erraldoi honen berri eman dute Urainek eta Munarrizek, pilatu den ilusioa nabarmenduz. Ametsak jaso bezala bildu dira; batzuek istorio bat kontatu dute, beste batzuek olerkia, edo marrazki baten bidez irudikatu nahi izan dute. Aniztasun eta kolore asko du liburuak, beraz. Ameslari horietako hainbat lagun pasa dira oholtzatik: askatu berria den Miren Zabaleta, Gexan Alfaro, Amaia Sarasola (preso baten ama), Kerman Urbizu, Peio Serbielle kantaria (hau ere preso izandakoa)... Bideoz edo audioz, ekitaldian egon ezin izan duten hainbat lagunek utzi dute beren lekukotasuna: Ipar Euskal Herritik «Peixotok», Sao Tome-tik Alfonso Etxegaraik, Reau-ko espetxetik Mertxe Txibitek. Artisten inplikazioa ere oso agerikoa izan da: agertokian ekitaldia garatzen zen bitartean margotzen aritu den Eider Eibar, Juan Gorriti, Jose Luis Zumeta, Jose Antonio Sistiaga...

Aretoa bete-beterik egon da, ia 600 lagun, gehien-gehienek espetxea edo erbestea beren larruan jasan dutenak, baina amets egiteari utzi ez diotenak. «Herriaren bizi nahia da ametsa», laburbildu du Urainek. Herria eta herria osatzen duten guztiak ahalik eta lasterren aske izatea, helburua.

[CRÓNICA COMPLETA EN GARA]