NAIZ
ZARAUTZ

Alaia Martin, finalerako lehen sailkatua Zarautzen irabazita

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak badu lehen finalista, Alaia Martin izango da Zarauzko lehen finalaurrekoan bera izan baita garaile. Agin Laburu izan da bigarren, Ander Lizarralde hirugarren eta Jon Martin laugarren. Beñat Iguaranek lortu du bosgarren postua eta Unai Gaztelumendik seigarrena.

Alaia Martin Zarautzen, finalerako txartela lortu berritan. (Gorka RUBIO | ARGAZKI PRESS)
Alaia Martin Zarautzen, finalerako txartela lortu berritan. (Gorka RUBIO | ARGAZKI PRESS)

1.200 lagun inguru elkartu dira Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian Gipuzkoako Txapelketako lehen finalaurrekoaz gozatzeko eta Alaia Martin izan da bertan nagusi 504 punturekin. Agin Laburu bigarren izan da zortzi puntu gutxiagorekin (496) eta Ander Lizarralde hirugarren (455,5). Jon Martin gertu izan du 451 punturekin. Bosgarren Beñat Iguaran izan da (445) eta seigarren Unai Gaztelumendi (441).

Beraz, lehen finalista Alaia Martin da eta saio honetako zein pasako diren finalera jakiteko finalaurrekoak amaitzea itxaron beharko da. Hurrengo hitzordua Tolosan izango da datorren asteburuan eta bertan izango dira kantuan Beñat Gaztelumendi, Beñat Lizaso, Iñaki Apalategi, Nerea Elustondo, Oihana Iguaran eta Unai Agirre.