Ferran Suay eta Gemma Sangines sikologo katalanek ‘Sortir de l'armari lingüistic’ liburua kaleratu zuten 2010ean hiztun katalanei katalanez bizitzeko gomendioak emanez. TELP tailerrak egiten zituzten (Taller d'Espai Llingüístic Personal) eta horietatik ateratako esperientziak bildu zituzten liburu horretan. Emun euskara sustatzeko koperatiba 2007az geroztik dago harremanetan sikologo katalanekin eta Euskal Herrian TELP tailerrak garatu dituzte euskal hiztunek euskaraz bizi daitezen gomendioak emanez, Edurne Gonzalez aholkulariak aipatutakoaren arabera. «Bederatzi urte hauetan milaka euskal hiztun dira tailer horietatik pasatu direnak. Erakunde batzuetan bidaltzen diren mezuetan horiek eragina izan dutela nabaritzen da», azaldu du Juanjo Ruiz TELP tailerretako dinamizatzaileak.
Donostian aurkeztu dute gaur argitalpen katalanaren euskarazko egokitzapena, ‘Irten hizkuntzaren armairutik’, eta honen helburua ‘Euskaraz bizi nahi dut’ leloa ‘Euskaraz eroso bizi nahi dut’ bihurtzea da. Ferran Suay jatorrizko bertsioaren egileetako bat bertan izan da eta liburuaren berri eman du: «Euskarazko bertsioa egitea hasieratik buruan genuen zerbait da. Errezeta liburu bat izatea nahi genuen, baina ezinezkoa zen kasu guztietara egokitzen ziren errezetak egitea. Beraz, zenbait kasu azaldu genituen eta irakurleek euren egoeretara egokitu behar dituzte», adierazi du.
Euskara VS katalana
Sikologo katalanaren arabera, «ikuspuntu sikologiko batetik hizkuntza gutxituen hiztun guztiak berdinak gara», izan ere, erabiltzen diren errekurtsoak hizkuntza nagusituen menpekotasunetik pasatzen dira. Hala ere, badaude zenbait desberdintasun hizkuntzen artean, kasu honetan katalanaren eta euskararen artean. «Gaztelania menperatzen duen edozeinek katalana ulertu dezake, baina euskaraz ez da gauza bera gertatzen. Kontutan hartzen dugu ulermen pasiboa duen jende asko badagoela», azaldu du. Hizkuntza gutxituen hiztun guztien artean berdintasunak kontutan hartuta, liburua ingelesera itzultzeko asmoa dute orain, «ez ingeles hiztunek behar dutelako, baizik eta beste kulturentzako zubi lana egin dezakeelako».
Katalanaren eta euskararen arteko desberdintasuna kontuan izanik, Juango Ruizek erabaki zuen itzulpen soila ez zuela egingo, egokitzapena beharrezkoa zela euskaldunek hurbilago sentitu dezaten. Hala, aurkezten diren pertsonaien izenak aldatu egin dituzte, bizipenak gertatzen diren herriak ere aldatu egin dituzte eta herri horien egoerara egokitu dituzte kasuak. Pertsonaia bakoitzak euskaraz bizitzeko dituen arazoen berri ematen du sikologoaren kontsultan egongo balitz bezala eta liburuak horiei aurre egiteko gomendioak edo «errezetak» ematen dizkie. Berrikuntza bezala, euskarazko bertsioan euskarak presentzia handia ez duen herri batean bizi den pertsonaia bat gehitu dute, «Euskal Herrian honelako zonaldeak badaudelako».