NAIZ
BAIONA

Urtarrilaren 28an jakinaraziko dute Lorentxa Beyrieren helegiteari buruzko erabakia

Iragan irailaren 2an Parisko Dei Auzitegiko zigorren aplikazio ganbarak baldintzapeko askatasuna ukatu zion Lorentxa Beyrieri. Helegitea aurkeztu ondoren, abenduaren 17an aztertu zuten eta horren inguruko erabakia urtarrilaren 28an plazaratuko dutela azaldu du Beyrieren abokatuak.

Lorentxa Beyriek egindako baldintzapeko askatasunaren bigarren eskaera ukatu ondoren, helegitea aurkeztea erabaki zuten. Parisko Dei Auzitegiko zigorren aplikazio ganbarak abenduaren 17an aztertu zuen eta erabakia urtarrilaren 28an plazaratuko duela azaldu dio Maritxu Paulus Basurco abokatuak Kazetari.

«Auzitegiaren jarrera oso oso hetsia da. Prokuradoreak argi utzi du erakundeak armak itzuli arte ez direla baldintzapeko askatasunak aurreikusten», azaldu du abokatuak. Bada hamalau urte Lorentxa Beyrie preso dagoela eta bigarren aldia da baldintzapeko askatasuna eskatzen duela.

Abokatuak argitu duenez, «proiektu ona aurkeztu» dute eta horrek «legeak dioen baldintzak betetzen ditu». Irailaren 2an epaileek eskaera errefusatzean «bere militantziari uko egiten ez» zuela azpimarratu zuten. «Lehen eskaera ezeztatu zigutelarik, proiektuarekiko zehaztu zituzten gauzak kontutan hartu genituen; horrez gain jarrera hetsian segitzen dute», gehitu du Paulus Basurcok.

Urtarrilaren bukaeran helegitea errefusatuko balute, abokatuak «Supremora jotzeko aukera» dutela erran du. Ezeztatzen badute «horretan geldituko da» eta prozedura zerotik hasi beharko lukete. «Askatua izan arte baldintzapeko askatasunen eskaerak egin daitezke», azaldu du Maritxu Paulus Basurco abokatuak.