NAIZ
BILBO

«Aldez aurretiko betorik gabe», beste taldeekin mintzatzeko prest agertu da EAJ

Igandeko bozek «zerumuga berria» zabaldu dutela uste dute jeltzaleek eta, zentzu horretan, elkarrizketarako prest agertu dira, talde guztiekin eta «aldez aurretik eginiko betorik gabe». Esan dutenez, «euskal erakundeek hartuko dituzten erabakiak errespetatzeko beharra» jarriko dute mahai gainean.

Andoni Ortuzar, EAJko presidentea, atzo bozen balorazioa egin zuenean. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Andoni Ortuzar, EAJko presidentea, atzo bozen balorazioa egin zuenean. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

EAJren Euzkadi Buru Batzarrak bilera egin du Bilbon igandeko bozen balorazioa egiteko, alderdiak «zoriontzeko modukoak» diren emaitzak lortu dituela nabarmenduz.

Jeltzaleen aburuz, hauteskundeek erakutsi dute gehiengo zabal batek «eskatzen duela Madrildik bestelako politika egitea Euskadirentzat». Ildo horretan, azpimarratu dute «euskal herritarrek argi eta garbi adierazi dutela muzin egiten diotela Alderdi Popularraren Gobernuak Euskadirekiko erakutsi duen jarrera eta ‘politikarik eza’».

Estatuari dagokionez, EBBk azaldu du emaitzek «zerumuga berria» zabaldu dutela eta etorkizun horren zutabeak «elkarrizketak, akordioak, itunak eta adostasunak» izan beharko direla gaineratu.

Sei diputatu eta sei senatari lortu ditu EAJk, eta jeltzaleak prest agertu dira elkarrizketarako, «aurreiritzirik gabe, aldez aurretik eginiko betorik gabe, arduraz eta erantzukizunez».

«Euskadirentzako estatus juridiko-politiko berria lortzeko dugun asmoa zilegia dela esan digu hiritargoak. Zentzu honetan, mahai gainean jarriko dugu euskal erakundeek hartuko dituzten erabakiak errespetatzeko beharra», esan dute.