naiz
DONOSTIA

2016ko aurrekontua onartu du Donostiako Udalak

Donostiako Udalak 2016ko aurrekontua onartu du. EAJ eta PSEren udal Gobernuaren proiektuak 378,4 milioiko aurrekontua du guztira; horietatik 1,3 milioi PPrekin adostutako zuzenketak.

Donostiako Udalak 378.395.662,21 euroko aurrekontua izango du 2016an. EAJren eta PSEren udal Gobernuaren proiektua automatikoki onartu da gaurko udalbatzan, EH Bilduk eta Irabazik aurkeztu zituzten osoko zuzenketak atzera bota ondoren.

Horren ondoren, udalbatzan oposizioko taldeen zuzenketa partzialak eztabaidatu dituzte, guztira 240 baino gehiago. Horietatik 170 EH Bilduk aurkeztu ditu –9 milioi euroko balioarekin–; 40 PPk, 3 milioi euro inguruko balioarekin; eta beste 32 Irabazik, 8 milioi euro inguruko balioarekin.

PPrekin hamaika zuzenketa adostu ditu udal Gobernuak, 1,3 milioi euroko balioarekin, eta EH Bildurekin lau, ekonomia edukirik gabekoak –Loiolako kuartela, Polizia espainolaren Amarako lur saila eta Loretokiko zalditegia berreskuratzeko.

Jaime Dominguez-Macaya Finantzetako zinegotziak udal Gobernuak «negoziatzeko esfortzua» egin duela azpimarratu du, «oposizioko taldeek aurrekontuen behin betiko proiektuarekin bat egiteko».

Azaldu duenez, inbertsioak lehenetsi dira aurrekontuetan eta gizarte zerbitzuak bermatzeko beharrezko baliabideak indartzen dira. Inbertsioak %38,46 handituko direla eta gizarte zerbitzuetarako aurreko urteetan baino diru-kopuru handiagoa bideratuko dela esan du.

Aurrekontuak urtea hasi baino lehen aurkeztu den lehen aldia dela ere nabarmendu du Dominguez-Macayak.