NAIZ
BAIONA

Lorentxa Guimonen osasun egoera larriaz ohartarazi dio Bagoazek Taubira ministroari, gutun batean

Bagoaz kolektiboak eskutitza igorri dio Christiane Taubira Justizia ministro frantsesari, Lorentxa Guimonen osasun egoera larriaz ohartarazi eta haren baldintzapeko askatasuna exijitzeko.

Bagoazen agerraldia Lorentxa Guimonen egoeraren berri emateko. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Bagoazen agerraldia Lorentxa Guimonen egoeraren berri emateko. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Bagoaz kolektiboak gutuna bidali dio Christiane Taubira Justizia ministro frantsesari, gaixotasun larria duen Lorentxa Guimonen egoera dela-eta.

Preso angeluarrak Crohn eritasuna du 1991az geroztik eta 2014tik bere osasun egoerak okerrera egin du. Eskutitzean ministroari gogora ekarri diotenez, beharrezko duen jarraipen eta tratamendu medikurako baldintzarik ez dauka espetxean; egun gaixotasun horrek ez du sendabiderik eta tratamentua, kasurik onenean, egoerak okerrera ez egitera mugatzen da.

Azaroaren 24an zigorrak betearazteko epaitegiak Guimonen baldintzapeko askatasuna onartu zuen baina erabakia jakin orduko Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen eta kaleratzea geldiarazi zuen. Urtarrilaren 14an aztertuko dute berriro auzia eta.

Angeluarraren egoerak, ordea, okerrera egin du eta abenduaren 14an Renneseko ospitalean ingresatu zuten; egun oraindik han dago.

Bagoazek horren berri ematen dio Taubirari eta, Guimonen osasun egoera larriaz ohartaratearekin batera, Fiskalaren jokabidea salatu du. Kolektiboaren ustez, gaixotasun larria duen preso bat izaki «burugogorkeria politiko onartezina» da bere baldintzapeko askatasunaren aurka helegitea jarri izana. Ibon Fernandez Iradiren kasua ere gogoratu du, eritasun larria izan arren preso jarraitzen baitu Lannemezanen.

«Ministro anderea, oso haserre gaude. Pertsona baten bizitza jokoan dago». Gobernu frantsesaren ardura da Lorentxa Guimon preso dagoen bitartean mantentzea eta bere osasun egoeraren okertze kezkagarria», ohartarazi dio.

Horrekin batera, duela lau urtetik Euskal Herrian bake prozesua abian dela nabarmendu du, nahiz eta «aldebakarrekoa» izan, hainbat erakunde politiko, sindikatu eta elkarteren babesarekin. Abagune hori ere euskal presoen baldintzapeko askatasunerako mesedegarria izan beharko luke, gutunean dionez.

Horregatik, Lorentxa Guimonen berehalako askatasuna galdegin diote Taubirari Emilie Martinek eta Claude Larrieuk, Bagoaz kolektiboaren izenean.