Arantxa Manterola

HERIOTZA ATERABIDE ASKATZAILE BAKARRA DENEAN

«…irtenbiderik ez zen, onena hiltzea zela ohartu nintzen». Anje Duhalderen abesti ezagunaren konklusio tragikora iritsita, egunero heriotzaren ate askatzailea jo eta jo ari dira makina bat pertsona. Nicolas Bonnemaison sendagilearen epaiketa zailtasun horien adierazle izan zen.

Kantuaren inguruabar lazgarritik egoera oso bestelakoan baldin bada ere, gaixoek, senideek eta osasungintzako profesionalek bizitzari amaiera duina bermatzeko atakan katramilatuta segitzen dute. Baita gizarteak berak ere, lege moldaketek ez baitiote erabateko irtenbide garbirik ematen eutanasiaren gaiari. Urrian, Nicolas Bonnemaison sendagilearen epaiketaren harira, gaia pil-pilean izan zen berriro.

2010 eta 2011 bitartean Baionako ospitalean hilzorian ziren zazpi pertsona pozoitzeaz akusaturik, berriro epaitu zuten Hazparneko medikua. 2014ko ekainean Paueko Auzitegiak errugabe jo ostean, fiskaltzak ezarritako helegitea tarteko, epaiketa errepikatu egin zen, oraingoan Angerseko Auzitegian. Lehen prozesuan bezala, oihartzun handia izan zuen bigarrenak ere, are eta gehiago une bertsuan hamar urte lehenago onartutako Bizitza Bukaerako Legearen –“Leonetti legea” deiturikoa– erreforma eztabaidatzen ari zirelako Senatuan.

Zaintza aringarrien zerbitzutik bertatik abiatutako salaketaren ondorioz atxilotu zuten unetik onartu zuen Bonnemaisonek sedaziorako sustantzia bereziak erabili zituela sendaezinak ziren erien sufrikarioari aurre egiteko. Baina une berean argi utzi zituen bi gauza: batetik, ez zuela haiek hiltzea helburu, eta, bestetik, bera ez zela eutanasiaren aldeko militantea. Jarrera hori defentsa ildotzat har zitekeen, baina, kontuak kontu, posizio horri eutsi zion tinko epaileen aitzinean egindako interbentzio guztietan.

Defentsa estrategia

Alta, bere abokatuek gogotik erabili zuten eutanasiaren gaia beren hitzartzeetan eta hedabideei egindako adierazpenetan. Aspalditik auzia Frantziako gizartean erabakizun dela baliatuta, defendatu zuten Bonnemaison, osasun zerbitzuetan diharduten beste hainbat profesional bezala, humanismoz blaitutako pertsona ausarta dela. Aldi berean, aspaldi erabakiak hartu behar zituzten hautetsi eta arduradun politikoei beren ardurei ez erantzutea leporatu zieten.

Defentsa ildo eraginkorra zen jakitun, lekuko anitz ekarri zituzten, batzuk sona handikoak gainera. Tartean, heriotza arautuaren auzia ondo ezagutzen duten Bernard Kouchner eta Michele Delaunay medikuak, biak ere ministro izandakoak. Biek ala biek argi utzi zuten beraientzat Bonnemaison ez zela hiltzaile bat. Jean Leonettik, 2005etik indarrean zegoen bizitza amaierako legearen egileak, berriz, euskal sendagileak legearen kontra jardun zuela berretsi zuen, bertan jasotzen diren protokoloei muzin egin eta berari ez zegozkion erabakiak hartu zituelako, mediku-egituren aburua bilatu gabe.

Beren defentsa ildoa indartzeko, hildako pertsonen hainbat senideren testigantza ere entzun zen. Ataka «jasanezin» hartan emandako laguntza eskertu zioten Bonnemaisoni, bere ausardia eta gizatasuna goraipatuta. Zendutakoen familien artean, halere, bazen akusazio partikular gisa presente zegoen bat ere auzian. Beraiei deus esan gabe halako erabateko deliberoa –hil arte substantziak ematearena, alegia– ez zuten bidezko jotzen.

Zigor «jasanezina»

Hain zuzen ere, Angerseko bigarren epaiketa horretan, kasu horrengatik bakarrik zigortu zuten Bonnemaison, gainerako sei akusazioetatik absolbituz. Hala, urriaren 24an, Angerseko Auzitegiak Françoise Iramuno «nahitara hil izanagatik», bi urteko espetxe zigorra ezarri zion, betiere espetxera joateko betebeharrik gabe (fiskalak bost urte eskatu zituen, lehen epaiketan bezala). Halako delitu batentzat bai fiskalaren eskaera bai zigorra bera ere horren arina izateak bistan utzi zuen gaiaren konplexutasuna eta iritzi publikoan zigor gogorra ezartzeak eragingo lukeen egonezina.

Abokatuak asebeteta agertu ziren eta ez zuten helegiterik tartekatu, beren bezeroa «behin epaitegien gurutze-bidea amaituta» lasaitu zelakoan. Alabaina, egun batzuk geroago, usteak ustel zirela agerian geratu zen. Izan ere, urriaren 31n, Landetako baso bazter batean, korrika egiten ari ziren bi lagunek konortea galduta aurkitu zuten 55 urteko sendagile ohia bere autoaren barruan. Zigortu zutela onartzeko kapaz izan ez eta bere buruaz beste egiten saiatu zen pilula oso toxikoak hartuz eta autoko ihes-tutuko gasak arnastuz.

Oso larri eraman zuten Bordele inguruko erietxe batera. Aste batzuk pasata, lehen aldiz adierazpenak egin zituen “Sud-Ouest” egunkarian. «Hiltzaile izateagatik, arinki bada ere, kondenatua izatea jasanezina egin zitzaidan», aitortu zuen, epaileen deliberoak psikoki jota utzi zuela nabarmenduta. Horrek eta lau urtez «pairatutako infernuaren nekeak» bera ere heriotza askatzailearen bidea hartzera bultzatu zutela gaineratu zuen.

Bazen gainera, bere zama handitzen zuen beste alde bat, medikuntzan jarduteko debekua, alegia. Medikuen Kolegiotik kanporatua izana eramanezina egiten zitzaion. Halere, itxaropen apur bat badu orain, 2017an berriro onar dezaten eskatzeko aukera izango baitu. Benoit Ducos-Ader eta Arnaud Dupin bere abokatuek zigor hori berrikusteko eskaera egina dute jada, besteak beste, epaitegiaren ebazpenak Medikuen Kolegiotik kaleratzeko erabili zituzten argudio batzuk ezeztatu dituela nabarmenduta.

Legearen zain oraindik

Bonnemaison epaitzen zuten bitartean eutanasiaren aukera edo era duinean hiltzekoaren auzia gori-gorian jarri zuen beste faktore bat ere izan zen: “Leonetti legearen” erreforma. François Hollande presidenteak bere hauteskunde programan hartutako engaiamenduari jarraiki, eta ahalik eta adostasun gehien josteko xedez, bi alderdi ezberdinetako diputatuei eman zien gai labainkorraren gaineko legea prestatzeko ardura. Bata, bere alderdikoa (PS) –Alain Claeys – eta bestea Leonetti bera (LR).

Asanblea Nazionalaren eta Senatuaren arteko joan-etorriak ez dira xamurrak izan. Hasteko, erakunde bakoitzean gehiengo politikoak desberdinak dira (Asanblea Nazionalean ezkertiarrak nagusi dira, eta, Senatuan, eskuinekoak), baina, egia esan, ideologi batekoen zein bestekoen barnean ere jarrera nahasiak dira. Urriaren 29an, hainbat zehaztasun eginda, Senatuak testu bat onartu zuen eta uneotan bi ganberen arteko batzorde bat testu bateratu bat lantzen ari da, urte amaierarako prest izan beharko litzatekeena. Legearen erredakzio berrian hainbat aurrerapauso eman diren arren (hil arterako sedazio sakona edota azken borondateak betebeharrekoak izateko aukera, esaterako) eutanasia argiki bideratzen ez delakoan, legeak berriro hutsuneak dituela salatu dutenak ere badira. Korapiloa ez da oraindik askatu.