Ohar baten bitartez, Bretainiako eragile ugarik bat egin dute Lorentxa Guimonen askatasuna aldarrikatzeko ekimen anitz batean.
Ekimenaren berri zehatzago emateko agerraldia egingo dute bihar, goizeko 11.00etan, Rennesko espetxe aurrean.
Guimon askatzearen aldeko atxikimendua eman dute, besteak beste, Bretainiako ezker independentistak, Gazte Ekologistek, Parti de Gauche 35 eta NPA 35-ek.
Horiez gain, badira bestelako eragile batzuk, hala nola, talde feministak eta Euskal Herriarekiko elkartasun taldeak.
Hautetsi eta bestelako norbanako batzuek ere bat egin dute ekimenarekin.
Preso angeluarrak Crohn eritasuna du 1991az geroztik eta 2014tik bere osasun egoerak okerrera egin du.
Azaroaren 24an zigorrak betearazteko epaitegiak Guimonen baldintzapeko askatasuna onartu zuen baina erabakia jakin orduko Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen eta kaleratzea geldiarazi zuen. Urtarrilaren 14an aztertuko dute berriro auzia eta.
Angeluarraren egoerak, ordea, okerrera egin du eta abenduaren 14an Renneseko ospitalean ingresatu zuten; hilaren 29an, ordea, atzea espetxera bidali zuten.