NAIZ

Independentziari buruzko herri galdeketa egingo dute Azpeitian

Gure Esku Dago herri ekimena abiatu eta hiru urtera Hitzartu elkartea aurkeztu dute gaur dozenaka azpeitiarrek erabakitzeko eskubidearen aldarritik gauzapenera igarotzeko. Ekainaren 12an galdeketa egingo dute Azpeitian, «Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?» galderari erantzuteko. Aurrez, gutxienez herritarren %10aren babesa jasotzeko sinadura bilketa abiatu dute. Diman bihar aurkeztuko dute galdeketa eta Goierrin sinadura bilketaren azken txanpan daude.

Hitzartu ekimena aurkeztu dute Azpeitian. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Hitzartu ekimena aurkeztu dute Azpeitian. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Azpeitian erabakitzeko eskubidea gauzatzeko urratsa emango dute datorren ekainaren 12an. Galdera honakoa izango da, «Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?» eta erantzunak bi, «Bai» ala «Ez».

160 bat azpeitiarrek aurkeztu dute gaur goizean galdeketa sustatuko duen Hitzartu elkartea. Gure Esku Dago herri ekimena sortu zela hiru urte pasa direnean «aldarrikatzetik gauzatzera» urratsa emateko garaia dela adierazi dute, «erabakitzeko eskubidea guztion topalekua dela sinetsita». Horren adibide, gaurko agerraldian bertan parte hartu dutenak, alderdi ezberdinen izenean zinegotzi edo alkate izandakoek parte hartu dute, baita hainbat eragile eta elkartetako kideek ere.

Galdeketari bide emateko herritarren adostasuna bildu nahi dute lehenbizi eta biztanleriaren (15.000 inguru) %10 ingururen babesa jaso nahi dute, gutxinez, sinadura bidez. Azpeitiko Gure Esku Dagoren lokalean sinatu ahal da galdeketa babesteko eta auzoz auzo mahaiak jarriko dituztela iragarri dute gaurko agerraldian. 

Ekainaren 12ko galdeketan parte hartzeko 16 urtetik gorakoa izatea eta herrian erroldatuta egotea dira baldintzak. 

Diman aurkezpena bihar, sinadura bilketa Goierrin

Azpeitiakoaren atzetik Dimako galdeketaren aurkezpena izango da bihar, igandea. Pasa den ekainaren 21ean jakinarazi zuten bizkaitarrek eurek ere galdeketaren bidea hartuko zutela. Bide berean ari dira Goierrin ere, kasu honetan erronka eskualde osokoa izango da eta sinadura bilketa aurreratuta dute. Ekainaren 19ean izango da Goierriko galdeketa.

Gure Esku Dagok «erabakiaren aroa» iragarri zuen pasa den ekainean eta ‘Eskura’ prozesuaren amaieran tokian tokiko errealitatearen arabera erabakia gauzatzeko adostasuna bilatzeari ekingo ziola iragarri zuen, aukera zegoen lekuetan erabakia gauzatzeko urratsa sustatuz. Herri dinamikaren asmoa da tokian tokiko adostasunaren lanketa horrek Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Itunari bide ematea epe motzean (2018 aipatu zuten Gasteizko Ezohiko Batzar Orokorrean) erabakitzeko eskubidea gauza dadin. 

Pasa den astean bildu zen Gure Esku Dagoren Zuzendaritza Batzorde sortu berria lehen aldiz Zornotzan. Bertan, bide orri hori berretsi eta herritarrei dei egin zien tokian tokiko dinamiketan aritzera. Bazkide kanpaina ere iragarri zuen bertan dinamika herritarrak.