Hartzea Lopez Arana

Utopia gorpuztuen hegaldia

Bretainiako Nantes hiritik gertu, nazioarteko aireportua eraiki behar luketen belardi eta oihanetan, ehunka lagunek sei urte daramatzate bizimolde autonomo zein kolektiboak garatzen, frantziar Gobernuaren kanporatze mehatxuei muzin eginez.

Urrunetik dator afera: 1972an jakinarazi zuen Loire-Atlantique departamenduko prefetak Notre-Dame-des-Landes herrixkan aireportua egiteko xedea. Kontseilu Nagusiak lurrak, laborantza etxaldeak eta bizitegiak pixkanaka berrerosi zituen lurrazalaren prestatzeko. Petrolioaren krisiak planak lurperatu eta 2003an ikerketak berrabiarazi ondotik gobernuak proiektuari argi berdea eman zion, balio publikoko deklarazio prozedura onetsiz eta kontzesioa Vinci talde industrialaren esku utziz. Aireratze eta lurreratze pistekin batera, harrera eta garraio azpiegiturak diseinatu zituen eraikuntza enpresa erraldoiak, orotara 1.650 hektarea ustiagarri. 2012ko otsailean Estatuaren desjabetze manuak bertako biztanleei kalte-ordainen truke eremua uztea agindu zien, lanak hasteko gisan.

Alderdi politiko nagusiek, baita ekonomia intereseko elkargoek ere, garapen palanka dakusate egitasmoan, baliagarritasunaren argudioan finkatuz. Aireportua etorkizuneko metropoli zabalaren lehen atala litzateke, etxebizitza, errepide, enpresagune berrien giltzarria. Alta, desadostasunak ez dira gaurkoak. 1972an sortu zen, esate baterako, aireportuaren kontrako Adeca tokiko lehen elkartea. Geroztik, laborari, ekologista, hautetsi eta alderdiz osatu milorriak oposizioaren ikur anitza ordezkatzen du, natur ekosistemen suntsipena eta alferreko xahuketak azpimarratuz, Nantes hegoaldean dagoen beste aireportu batek Notre-Dame-des-Landes-en aurreikusi hegalaldiak jasotzeko gaitasuna daukala gaineratuz. Tirabirak bestelako tankera hartu zuen aurkakoek etxe abandonatuen eta landen berreskuratzeko deia egin ostean. Frantzia osotik agertu zen jendeak han gelditu ziren nekazari tematsuen defendatzera, etxaldeak okupatuz, oholezko eta oihalezko etxebizitzak muntatuz eta era guztietako karabanak instalatuz.

ZAD deitu eremua erresistentzia gune famatua da geroztik, «Errepublikaren kistea» Manuel Valls lehen ministroaren hitzetan –Zone d’Aménagement Différé (ZAD) sektoreak eraketa hitzarmena duten elkargo publiko edo ekonomia misto sozietateei higiezinen ondasunak erosteko lehentasuna ematen die. Notre-Dame-Des-Landes-en, Loire-Atlantiqueko prefetak 1.225 hektareako ZADa egokitu zuen 1974an. Aireportuaren kontrakoek siglak aldatu eta «Zone à Défendre» bataiatu dute eremua. «ZADak edonon» da beren esloganetariko bat–.

Polizia operazioek, auzipetze askotarikoek, obra-lekuen abiatzeko saialdiek ez dituzte oraindik okupatzaileak haizatu. Alderantziz, zadisten egoile finko kopurua poliki ari da emendatzen: berrehun lagun inguru dira gaur egun, hirurogei gunetan banatuak. «Autogestio» eta «bereganatze» hitz gakoei jarduera bizikorra eman nahi diete, aireportuak eta bereziki «bere munduak» sinbolizatzen dituen betebeharretatik alde egin nahian, denboraren poderioz behin-behineko kanpamentuetatik epe luzeko egonaldietara jauzi eginez.

Lehen mugarriak. «Ongi etorri ZADera. Hemen bukatzen da frantziar errepublika», dio pintada batek sarreran. Errepide estu luzea barrikada erdi itxiz dago babestua eta lau lagunek zaintza txanda segurtatzen dute. Leku estrategikotzat daukate eta edozein esku-hartzerako prest direla harroki erakusten. Alboetan dituzte irrati eta walkie-talkieak, makilak eta gorderik dauden enfrentamendurako beste tresnak... «Joan den astean auto batek hesi batzuen kontra abiada azkarrean jo zuen espresuki; gaude ez ote diren Vinci enpresaren matoiak». Polizia azken bolada honetan ez da asko ageri, helikopteroaren urruneko begiradak ordezkatzen ditu ohiko errepide kontrolak.

Kontuak kontu, azken hilabete hauetan gerla hotsei bake giroa nagusitu zaie eskualdean, nahiz eta egun hauetan François Hollande lehendakariak kanporaketa operazio berria hitzeman duen. «Gure ustez, aireportua ez dute eginen, eta egiten badute, beste leku batean borrokatuko gara; ‘txakur’ gehienak salbuespen egoerarekin mobilizaturik dituzte, baina euren lege libertizidak gure aurka erabiliko dituzte...». Usteek eta susmoek etenik gabe elikatzen dituzte zadisten eta bisitari ugarien arteko mahai-inguruak, baita interbentzioa gauzatuz gero aurre egiteko erabiliko dituzten teknikak ere.

Izan ere, aurrekari garrantzitsua dago alor horretan. 2012ko urriaren 16an martxan jarri Cesar operazio zapuztuak denen ahotan jarraitzen du oraino. «Etxez etxe gertatu ziren iskanbilak, baratzeetan, basoan. Dena hausten zuten eta jende piloa aterperik gabe gelditu zen», gogoratu du Isak. Berehalako helburua polizien oztopatzea eta lurrera botatakoa berriz altxatzea izaki, bakoitzak bereari ekin zion: arboletan zintzilikatu edo traktoreekin pasabideak blokeatu, bortizki oldartu edo makinen aurrean biluzirik etzan, etxolak fabrikatu, pasabideetan lubakiak egin... «Erresistentzia egite multiformeak. Lehen lerroan bidalitako uniformedunei ongi ulertarazi genien multinazional baten jangura defenditzen ari zirela, guztion onuraren kalterako». Nahiz eremua azkarki inguratua egon, ehunka pertsona gerturatu ziren xendra eta bidexketatik hilabete iraun zuen setioa eragozteko, lokatz eta zaurituen erdian. Azaroaren 16an, berrogei mila laguneko manifestaldi batek eman zion egoerari itzuli azkarra. «Berreraikitze masiborako mobilizazioa izan zen eta egun horretan poliziak bide nagusia libre utzi zuen. Materiala barra-barra sartu eta denek parte hartu genuen obretan. Bistakoa zen: kanporaketa desaktibatzeko molde eraginkorrena lurrak jorratzen, bizileku eta bilkuragune mardulak eraikitzen segitzea zen. Higadura-guda izan zen eta erasotzaileen morala murriztuz joan zen». Data berberetan, Nantes hirian ia egunero gertatu ziren manifestaldi iskanbilatsuak. Aste bat beranduago, prefetak interbentzioa bukatutzat eman eta elkarrizketa batzorde bat ireki zela baietsi zuen.

Geroztik, zadistek eremua sakonago eta sendoago errotzeari ekin diote, konponketei eta auto-eraikuntzari, tokikoen eta berriki etorrien arteko harremanei, lursailen eta baliabide naturalen kudeaketari, dinamika antikapitalisten eta ekologisten bat egiteari arreta handiagoa jarriz.

Zona Autonomo Definitiborantz? Isa Frantziako ipar-ekialdetik, Metz-etik, etorri zen lehen aldiz ZAD-era 2012ko udaberrian. «Ez nintzen militantea, apenas hartzen nuen parte nire hiriko borroketan. Lau lagun gerturatu ginen egun batzuk pasatzera eta oso arin gure biziak aldatzea erabaki genuen: geneukan guztia utzi eta hemen kokatu». Harrizko etxe batean hasteko, markak hartzeko gisan, gero oihanean zurezko etxola bat eraikiz, ondoren ZADetik gertu dagoen Haut-Fay izeneko «herri unibertsitatean». «Aireportuaren proiektua aukera bilakatu da. Lur ‘izoztuak’ dira, Estatuarenak, eta Estatua gu denok ere izaki, beste zerbait egiten ari gara, ez dugu haien beharrik». Aldarrikapen eta salaketa garaietatik «egitearen» fasera iragan direla baieztatzen du eta ZADek aterpetu nekazaritza gainazal, gaztandegi, okindegi, aroztegi, informazio bulego edo janari kontserbategietan lan giroa da nabarmen, marteilu kolpeen eta sega soinuen erritmoan. Barazki organikoak dituzte gehienik ekoizten eta soberakinak Calais-ko errefuxiatuei bidaltzen dizkiete noizbehinka. Iritsi berriak ongi etorriak eta gidatuak dira eta auzolan partekatuek gune gehiago paratzen dituzte, gehienbat osagai berreskuratu eta birziklatuekin.

Le Liminbout, Bellevue, Les fosses noires, La Gourby, Mandragore... Gune bakoitzak «jabeen» irudimen eta izaerak irudikatzen ditu eta afinitate taldetxoek inurritegia ibilarazten dute, zerbitzu eta elikagai trukeetan, ahal den guztia era jatorrean funtzionarazteko indar eginez. Joateri uko egin zioten autoktono, okupatzaile eta bidaiari zenbaiten artean gertatu harreman istilutsuak lausotu direla dirudi, nahiz eta prentsak zadistei erregularki itsasten dizkien gaizkile eta bizkarroi aurpegiak. Landetako bidezidorretan erregularki gurutzatzen ditugun europar delegazio miresleei galdera berdintsuak datozkie maiz burura: nola sanoki eta jariakorki ibilarazi halako topagunea, nork erabakitzen du zer, non jarri bakoitzaren onarpenei bihozberatasunak eta mugak, nola batu hazkuntzaren, ekoizpenaren, antolakuntzaren inguruan dauden ikuspegi desberdinak?

«Okupen» eta betiko auzotarren arteko zatidurak asko ezabatu direla aitortu du Isak, hainbat bizikidetasun eta bilera igaro ondoren. Herritarrei zuzendu eskutitza ari dira eratzen, zirriborroa “ZAD News” barne astekarian banatuz: «Izatearen euskarri guztiak hartu nahi ditugu gure gain, era solidarioan eta ez-merkatarian: elikagaiak, energia, bizitokiak, sendaketa... Mehatxatuak ziren berrehun hektarea laborantzan ezarri ditugu hemengo nekazarien laguntzaz. ZAD zabalgune irekia da, jende oso desberdinarekin eta lurralde honetan bizi daitekeen moduaz debate askorekin. Esperientzia hau denborak fintzen du. Hauek erranik, badakigu ez dizkiegula agertu diren arazoei beti arrapostu aproposak ekarri».

Thibaud serigrafia egilea Haut-Fay etxalde berreraikian instalatua da Isarekin. Bizitza zer den ZADen ikasi duela dio: «Hemen nagoenetik ezkortasuna desagertu zait, askapena sentitzen dut eta finantzen sistemaren eta garapen industrialaren kontra dagoen tonto bakarra ez naizela konturatzen naiz. Ez nengoen kolektibitateari ohitua, ez nintzen eskulangilea eta elkarlaguntzaren indarrak adimen berria ekarri dit. Goizero itxaropentsu esnatzen naiz». Kairoko Tahir, Istanbuleko Taksim plazen erreboltekin edo Madrileko 2011ko maiatzaren 15arekin alderatzen ditu ZAD-eko zirrarak: «Aurreiritziez libratzen hasten zara, ezinezkoa elkarrekin arituz saia daitekeela egiaztatuz eta orduan izu ederragoak jalgitzen zaizkizu, autonomiarako tresnak, kultura independenteak, sareen arteko zubi sustagarriak praktiko bihurtuz». Jende multzo batek zelai galdu batzuetan inongo baimen eta azpiegitura ofizialik gabe zoriontsu irautea Estatuari eta transnazionalei jasangaitz egiten zaiela burutzen du Thibaudek.

Menia hauskorra zeruertzean. Testuinguru bitxi honetan, aireportuaren proiektuaren aldeko bandoak posizioak indartzeari ekiten dio. Legez eskubiderik gabeko okupazioa ari da gertatzen eta bai Vinci enpresak bai Kontseilu Nagusiak auzipetze prozedurak bizkortu dituzte, kasuz kasu. Urtarrilaren 13tik aurrera ziren trenkatzekoak lurren jabeek Nanteseko epaitegian jarritako kanporatze salaketak. Gaiaren txostena daraman Stephan de Ribou suprefetak «gaurko testuinguruan, Notre-Dame-des-Landes ez da lehentasuna» adierazi zuen Pariseko iazko azaroaren 13ko erasoen biharamunean, abisua argi utziz, halere: «Prozeduretan lanean segituko dugu interbentzio erabakia hartzen den egunean prest egoteko». Eskualdeko lobby ekonomikoak arduradun politikoei presioa areagotu diela ere sumatzen da, prentsan ageri diren testuak lekuko.

2016ko urtarrileko bigarren astetik goiti ondoko herrietako hotelak erreserbatuak daudela jakina zen iazko udazkenetik, poliziak aterpetzeko gisan. Heldu den apirilean, belardietako erreketan bizi den uhandre endemiko eta babestuak ugaltze sasoia hasi aurretik, liskarrak berriz hastea oso posible dakusate aireportuaren kontrakoek, gobernu sozialistak hartu eskuindar norabideen jarraipenean. Bi manifestaldi antolatuak zituzten Nantesen urtarrilaren 9 eta 16rako eta azken astebururako, «aireporturik gabeko etorkizunaren aldeko gidatze» komiteak obren azkartzeko Notre-Dame-des-Landes-era hurbiltzeko deiadarra barreiatu du Frantzian, zehazkiago «material, laborari, defentsibo eta festa guneen» gotortzeko.

Ehun bat sostengu talde zenbatzen dira orotara eta ZAD batek beste batzuk arrautzatik atera ditu ingurumen gatazkak dauden lekuetan. Tarn eskualdeko Sivens-ekoak gazte ekologista bat hilik utzi zuen 2014ko urrian, urtegiaren kontrako okupazioa husteko jendarmeek granada erasotzaileak erabili zituztelarik. «Bere ideiengatik hiltzea ergelkeria da» erran zuen orduan Thierry Carcenac bertako Kontseilu Nagusiko lehendakariak. «Mugimendu handia ireki da lurraldearen antolaketa komertzialaren, bizidunen pribatizazioaren eta laborantza lurren desagerpenaren kontra. Gaitzeko esperantzarekin», jakinarazten dute aldiz ZAD komiteek, aireportua dinamika legalistek eta gogorragoek topo egin eta guztien indarrez, momentuz, bertan behera utzi dutela konbentziturik. «Bata gabe besteak ez zuen lortuko, estrategia osagarriak dira» trenkatu du Isak.

Aireportua definitiboki egin ezean, hartu beharreko neurrien marrazten eta amesten ari dira orain: lur eta etxeen okupazioak legeztatu, erabiliak ez diren lursailak oposizio mugimenduak finkatu irizpideen arabera banatu... «Fase interesgarria abiatuko da egunen batean guzti hori ordenatzeko instituzioekin negoziazioak badira. Norekin mintzatuko dira, zer proposatuko digute? Hemen ez dugu bozeramaile ofizialik», nabarmendu du Franciscok, 66 urteko militante beteranoak.

Anartean, erabili gabe dauden lursailak han-hemenka erakutsiz, «nahi duenarentzat bada leku libre aski», zehaztu du Isak.