Eginahalak eta bi egiten ari da bahituta gauzkan Estatu espainiarra konponbideari ateak ixteko. Horretarako, Estatu frantsesaren lankidetza du, beste garai batzuetan konponbidearen alde egondako zenbait eragileenarekin. Azken hauek beren jarrera aldatu edota konponbidearen alde egin zezaketena baldintzapean eta interes berekoien menpe jarria dutelako. ETAk borroka armatua bertan behera utzi ostean horrela joka zezaketenik inork pentsatu ezingo bazuen ere.
Konponbidearen bidea oztopatua dagoen bitartean, kartzeletako egoera gero eta gordinagoa da. Eta zenbait kiderena are gordinagoa, adinagatik edo gaixotasunagatik. Azken lau urteotan Kolektiboa osatzen dugun kideen kopuruak behera egin arren, ez da aldaketa nabarmenik ez deportazioan ez dispertsioan, eta horrela, kideak talde txikitan sakabanatuta gauzkate. Ondorioz, bakartuta dauden kideen kopuruak gora egin du, bereziki andrezkoentzako paratu modulu berezietan giltzapetutakoentzat. Gure eta gure senideen aurkako zigor erantsi horren helburua ez da aldatu: gure herriarekin, askapen prozesuarekin eta maite gaituztenekin ahalik eta harreman txikiena izan dezagun.
Gainera, urteen zamak gure senide eta hurbilekoak kolpatzen ditu. Eta Estatu espainiarraren errepresioak gureganako elkartasun oro mehatxatzen eta zigortzen.
ETA erakundeak borroka armatua bertan behera uzteko deliberoa jakitera eman zuenez geroztik zabaldutako ziklo politiko berri horren aurrean behar bezala kokatzeko zailtasunak ez ditu faltan izan EPPK-k. Ez ditugu hemen azalpen luzeak emango zer nolako baldintzetan barneratu behar izan duen Kolektiboko kide bakoitzak egoera berrira ekarri gaituen hausnarketa politikoa.
Eskuzabalki erantzun dio EPPK-k egin zaizkion galde orori. Beti ere, gure Herrira konponbidea eta askatasuna ekarri behar dituen prozesuaren hobe beharrez. Eta, gauzkaten ziega barrenetatik, harriduraz ikusi dugu zer nolako zekenkeriaz erantzun duten arduradun politikoek Euskal Herrian zabaldutako egoera berriaren aurrean. Gure harridurak ez du luze iraun ordea: lehengo lepotik burua erakutsi dute gatazkaren erantzuleek.
Gure kide ohi batzuen ibilbide tristea adibidetzat jarriz, damutzea eskatzen zaigu, ez garela damutuko jakinda; kideak sala ditzagun eskatzen zaigu, ez ditugula salatuko jakinda; sinesten ez duguna esatera akuilatzen gaituzte, halakorik ez dugula egingo jakinda. Horrek izen bakarra dauka: berariazko bidegabekeria.
Memoria, autokritika, bizikidetza, bakea... Hitz eder askoak agertu dira politikarien ahotan. Zer esaten duten eta zer egiten duten ikusita ordea, ez dirudi hitz horiek guretzat eta haientzat daukaten esanahia berdina denik. Areago, badirudi hitz horiek konponbidean zintzoki aurrera egiteko bidesari eta aduana gisa ipintzen dizkigutela.
Haien legeak bihurritzen dituzte beren intereserako. Eta legeak aski ez zaizkienean, berriak asmatzen dituzte. Gatazka betikotzeko.
Frantziako eta Espainiako kartzeletan hortzak estututa ekiten diogu egunari. Eta berdin amaitzen dugu. Gaixo dauden kideek jasaten duten eguneroko tortura horren aurrean ezintasunez beterik. Zanpatzen gaituzten estatuek berek onetsitako legedi eta arauak bihurrituz kideen zigor urteak nola luzatzen diren ikustean ezintasunez beterik. Jadanik gatibu gaituztenak zigortzen jarraitzeko aspaldiko auziei hautsa kendu eta akusazio berriak eta kondena potoloak haur lainezentzako gozokiak bezala nola banatzen dituzten jakitean ezintasunez beterik. Gizarte honetako bidegabekeriari aurre egin eta gure herria eraikitzen laguntzeko askatasunik ez izateagatik ezintasunez beterik.
Hortzak estututa, bai, baina burua tente. Eta borrokak emandako bizipozaren grina gugan. Eta behar den bezainbeste denbora eusteko prest. Horretan gal bezate esperantza estatuetako boteredunek eta beren jopuek. Orain arteko bideak ekarri gaituelako hona, eta badakigulako Euskal Herriaren askatasunaren ordua gero eta hurbilago dagoela. Eskertuta gaude Euskal Herriaren askatasunaren bidean gure alea jartzeko aukera izan dugulako. Eta horretan jarraituko dugu: behar denerako prest.
Iazko azken hilabetean, EPPK-ko kide batzuen eta euskal presoen amnistia eskatzen duen antolakunde baten artean polemika gogor batek eztanda egin du. Presoon askatasuna lortzeko ahaleginean ari den inork ez zuen pozik hartuko gertatutakoa. Guztioi da hausnartzea zertan ari garen eta zeintzuk diren norberaren helburuak eta helburu horiek lortzeko ibili beharreko bideak. EPPK anitza da, kartzelara ekarri gintuzten arrazoiak askotarikoak dira, gutariko bakoitzaren ibilbidea, bai kaleko borrokan eta baita kartzelan ere, anitza da. Ezker abertzalearen baitan kokatzen da EPPK, gutako bakoitzak eta ezker abertzalearen ekimen eta ekinaren gaineko bere iritzia izanda ere.
Lerro hauen bidez eskertu nahi ditugu preso politikoon alde, bai orokorrean eta bai kasu zehatzak eskabidetzat hartuta, Euskal Herrian eta nazioartean burutu eta burutzen ari diren ekimen anitzak: manifestazio, elkarretaratze, barau, sinadura bilketa... Eta bereziki, Ernaiko gazteek gure argazkiak soinetan zituztela lau hiriburutan antolatutako kateatzeak eta urtarrilaren 9an Sare eta Bagoaz! elkarteek antolatutako manifestazioetara hurbildutako dozenaka mila erkideak.
Urtarrilaren 9an bisita-greba egin genuen, gure senide eta lagunek manifestazio horietan herritarren maitasuna eta adorea jaso ahal izan zezaten. Ondorengo ikustaldietan, gutunetan eta telefono deietan geureganatu zizkiguten. Milesker!
Gauzak horrela, gure Euskal Herriratzea eskatzen jarraitzen dugu: legezkoa delako, bidezkoa delako, gure senide eta hurkoek pairatzen duten zigor erantsiari amaiera eman behar zaiolako, bakea eta askatasunaren bidean urrats erraldoia izango delako.
Eta bereziki eskatzen dugu larri gaixo dauden gure burkideak askatuak izan daitezen. Otsailaren amaiera aldean erabakiko du Frantziako tribunal batek oso larri dagoen Lorentxa Guimon Kolektiboko bozeramalearen askatasuna.
Horren karietarat, EPPK-ko kideok otsailaren 15etik 20ra bitartean hainbat ekimen burutuko dugu gaixo larri dauden presoen askatasuna eskatzeko. Kartzela bakoitzeko batzarrak erabakiko du zer nolako ekimenak burutu aste horren barruan (itxialdi, bazka-errefusa, propaganda ekimen, planto informatiboak...), otsailaren 20an, larunbata, guztiok barau egingo dugularik.
Denon artean lortuko dugu!
Euskal Herria bihotzean,
Euskal presoak Euskal Herrira!
Amnistia!
Autodeterminazioa!
EPPK
Euskal Preso Politikoen Kolektiboa
Euskal Herria bihotzean, 2016ko urtarrila