NAIZ

Tortura salatzeko hamaika ekimen Euskal Herriko txoko desberdinetan

35 urte betetzen dira gaur Joxe Arregi Carabanchelgo espetxeko ospitalean, inkomunikazio aldian pairatutako torturen ondorioz, zendu zenetik eta Euskal Herrian Torturaren Aurkako Eguna ospatuko da. Zizurkilen ekitaldi bat antolatu dute, Mikel Zabaltza Gogoan Herri Ekimenak elkarretaratzea deitu du Altzako udaletxearen parean eta Aztnugal kanpainak hitzaldi bat eta Aztnugal Rock jaialdia prestatu ditu.

Kale ekintza batean tortura salatuz, artxiboko irudi batean.
Kale ekintza batean tortura salatuz, artxiboko irudi batean.

Torturaren Aurkako Eguna ospatuko da gaur Euskal Herrian. Duela 35 urte Joxe Arregi asteasuarra Carabanchelgo espetxeko ospitalean zendu zen, inkomunikazio garaian pairatutako torturen ondorioz. 9 egun lehenago atxilotu zuten eta data honetan gogora ekartzen dira euskal herritarrek pairatu dituzten tortura kasuak. Iazko apirilean, bere espedientea aurkitu zuten Madrilen.

Gertakari hau salatu eta berriro gerta ez dadin aldarrikatzeko, 13:00ean elkarretaratzea burutuko dute Zizurkilen, Joxe Arregi plazan. Euskal Herriko txoko askotan, beste hainbat ekimen ere burutuko dira urteetan pairatu diren torturak salatu eta berriro gerta ez dadin salatzeko.

Besteak beste, Mikel Zabaltza Gogoan Herri Ekimenak elkarretaratzea deitu du Altzako udaletxearen parean 12:00ean.

Iruñerrian, bestalde, Aztnugal kanpainako kideek egun osoko egitaraua prestatu dute Iruñerrian. Goizean, 11:00ean, Condestable Jauregian, torturarekin amaitzeko baliabideen inguruko mahai-ingurua antolatu dute. Bertan, Paco Etxeberria, Jorge del Cura eta Lorea Bilbaok hartuko dute parte. Arratsalde eta gauerako, era berean, Aztnugal Rock jaialdia antolatu dute Burlatan, non Kop, Kaotiko, Arkada Social, Mc Onak, Tximeleta eta DJ Jotatxo igoko diren oholtza gainera.