Xabier IZAGA
LOGROÑO

Egun garrantzitsu bat

Otegi, Logroñora joan diren ehunka lagunen artean. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Otegi, Logroñora joan diren ehunka lagunen artean. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Goizeko zazpiak eta laurdenetan ez zegoen giro Logroñon. Hotza. Hango kartzelara hurbildu eta auto ilara errepidean. Asko, kazetarienak. Beste batzuk, gero eta gehiago, Arnaldo Otegiren lehen hitzak bertatik bertara entzun eta, ahal izatera, besarkatu nahi zutenenak. Autobusen bat ere ba omen zetorren. «Elgoibartik bai, behintzat», dio Mikelek, hirurogei urte inguruko elgoibartarrak, «baina gu kotxez etorri gara, azkenekoan autobusa hartuta berandu iritsiko ginen eta». Badaki, beraz, zer den preso bati kartzelako atean harrera egitea. Baita, herri honetan askok bezala, harresiak atzean uztea ere, Mikel hainbat kartzelatan urte mordoa eginda baitago. Iritsi da, ordea, Elgoibarko autobusa, eta inguruan elgoibartarren presentzia nabarmena bazen ere, goierritarrek, gasteiztarrek, Laudio-Orozkokoek... ederki sendotu dute multzoa. Pablo Gorostiaga laudiarrari, hain zuzen, entzun diogu lagunekin solasean: «Egun garrantzitsua da gaur», dio, «Arnaldo kalean da berehala, baina denok behar dugu bultzatu, ez da lagun bakar baten lana». Nabarmena zen, halaber, andaluziarren eta katalanen presentzia, herri horietako hainbat alorretako ordezkari ezagunak tartean. Izan ere, egun garrantzitsua izan behar zuen gaur.

Eta hotz egiten zuen, baina giroa berotuz zihoan. Poza gero eta agerikoagoa zen, baita Otegi atetzarra zeharkatuko zuen orduagatiko kezka ere. «Ez dut uste oso berandu aterako dutenik», entzun dugu atzean. «Ez dakit ba, Txori arratsaldeko zazpietan atera zen», erantzun dute. Txori kartzela horretatixe atera zen duela bi urtetsu, eta bertan zen gaur, laguna besarkatzeko. Gaur bihar baino hobeto. Inork ez zuen uste Arnaldo berandu arte atxikiko zutenik, baina denak ere prest zeuden zazpiak edo hamabiak arte bertan itxaroteko. Itxaroten ohituta dagoen herria da hau. Hotz egiten zuen, baina giroa gero eta hobea zen eta, pozarekin batera, itxaropena nagusi.

Bederatziak baino lehentxeago, kamera tropel batek ate aldera egin du. Bertan zen. Kartzelatik ehunen bat metrora atondu duten oholtzaraino eskoltatu dituzte Arnaldo eta haren hurkoak, albokaren doinuak lagunduta. Oholtzan, Elgoibarko neska batek, Ainhoak, agurra dantzatu dio, Unai Romanoren txistuaren doinuan. Duela zenbait urte torturaren lekukotasun latzenetakoa izan zena ere pozik zegoen.

Eta Arnaldoren agurra entzun da: «Gora Euskal Herria askatuta!». Eta oihu hori bezain sendo eta argi, labur baina mamitsu jardun du. Preso batek kartzelako atea zeharkatzerakoan bezala zeharkatutakoan, barruan utzitako lagunak izaten ditu gogoan. Sei aldiz zeharkatu du Arnaldo Otegik ate hori kartzelari bizkarra emanez, eta gaurkoan ere gogoan izan ditu 400 euskal preso politikoak, baita sozialak ere, hala nola baztertutako guztiak. Seigarren honetan, baina, gogoan bide zituen bertara bildu ezin izan direnak, bereziki bere ama duela hamar hilabete zendua.

Hotz egiten zuen, baina inork ez du nabaritu politikari handi baten hitzak entzun direnean. Denek sumatu dute haren indarra eta erabakitasuna egun garrantzitsu honetan.