NAIZ

Euskal Herriko Itzulia inoiz baino gogorragoa izango da

Apirilaren 4tik 9ra ospatuko den Euskal Herriko Itzuliaren nondik norakoak ezagutzera eman dituzte, ete aurreko urteetako ibilbide gogorrari, puntu berri bat eman diote. Egunero izango da mendia eta aldapa gogorrak eta azken eguneko erlojupekoan Arrate igo beharko dute, berritasun moduan.

2016ko Euskal Herriko Itzuliak izango duen ibilbidea ezagutzera eman dute. (Itzulia.eus)
2016ko Euskal Herriko Itzuliak izango duen ibilbidea ezagutzera eman dute. (Itzulia.eus)

Apirilaren 4arekin hasiko da Euskal Herriko Itzulia Etxebarrian, eta 9an Eibarren amaitu. Tartean sei etapa eta 32 mendate. Urtero ibilbide gogorra bilatzen dute antolatzaileek, eta aurten are eta gogorragoa gainditu beharko du tropelak.

Lehen egunetik hasita gainera. Estreineko etapa Etxebarriatik abiatuko da, 144 kilometro eta gero Markina-Xemeinen helmuga harrapatzeko. Bidean, Gontzagaigana (bitan), Santa Eufemia (bitan), Azkarate, San Miguel, Ixua eta Alastia gainditu beharko dituzte. Azken hau helmugatik bederatzi kilometrora.

Bigarren eguna Markina-Xemeinetik abiatuko da eta Amurrion izango du helmuga. 174 kilometrotan, Untzeila, Krutzeta, Mendeika eta Garrastatxu izango dituzte. Azken honen aldapa gogorretan aurkituko dute helmuga. 2,8 kilometroko pareta, %10,5eko penditzarekin eta aldaparik gogorrenak %20ra iristen direlarik.

Biharamunean Gasteizetik abiatuko dira, Gipuzkoa gurutzatu eta Nafarroan izango dute amaiera, Lesakan. 200 kilometrotan Uitzi, Usategieta, Aritxulegi, Agina eta La Piedad dira gainditu beharreko aldapak. Azken honetatik amaierara ez dira 15 kilometro egonen.

Laugarrenean, aldiz, Aiako pareta gogorrenak izango dira protagonista. Hiru aldiz gainditu beharko dute azken urteetan Itzuliari esker famatu egin den pareta. Horretaz gain, Jaizkibel, Arkale eta Garate ere topatuko dituzte bidean. Amaiera, baina, Orion izango dute, Aiatik jeitsita.

Eta azken bi egunetan Arrate izango da protagonista nagusia. Bostgarren etapan, 160 kilometrotan, Itziar, Kalbario, Karabieta, Kanpazar, Asentzio, Ixua, San Miguel eta Usartza jarriko zaizkie aurretik txirrindulariei, Arrateko helmuga mitikoa topatu aurretik.

Eta azken egunean berriz ere Arratetik pasako da lasteketa. Sailkapenean erabakitzeko dagoena erlojuaren kontrako lehian erabakiko da. 16,5 kilometroko bakarkako borrokan, Ixuako gurutzebideraino igoko dira Eibarretik, beherako bidea hartu eta Eibarren bertan irabazle berria ezagutzeko.