Patricio Echeverria burdinolako langile izandako Abundio Legaz Legazpiko bizilaguna larunbatean hil zen Gipuzkoako herri horretan, amiantoak eragindako mesotelioma sarcomatoide baten ondorioz. 1967. urtean hasi zen lanean Patricio Echeverrian, ke eta amianto ugari zegoen giroan. Guztira, 30 urte pasatu zituen zuntz kantzerigenoarekin harremanetan.
Asviamie amiantoaren biktimen elkarteak salatzen duenez, Donostia Ospitaleko langileek ez zuten legea bete, ez baitzuten gaixotasun profesionalaren gaineko susmorik adierazi, frogak bazeuden arren. Izan ere, elkarteak azaltzen duenez, 2014tik hainbat pleura isuri eta ospitaleratze izan zituen eta, horrez gain, jakinekoa zen 30 urte eman zituela amiantoarekin harremanetan.
Ospitaleak neurririk hartu ez izanak langilearen pentsioari kalte egin diola ohartarazten dute, eta Osakidetzak mutuei dagozkien osasun kostuak bere gain hartu behar izan dituela salatu.
Gaixotasuna diagnostikatu ziotenerako beranduegi zen Gizarte Segurantzan aitorpen profesionalerako tramiteak hasteko, gaitza oso azkar garatu baitzitzaion.
Azken heriotza honekin, jada hiru dira 2016an Gipuzkoan amiantoaren eraginez hildako langileak. Aurreko bi biktimak ere otsailean zendu ziren eta CAF, Bilore eta Olaberriko Arcelor Mittal enpresetako langileak ziren. Egoera horren aurrean, gaixo eta senideei dagokien aitortza jasotzeko neurriak hartzera deitzen die elkarteak.