Pariseko gobernuak “El Khomri” deituriko legea erretiratzea lortzeko bidean, atzokoa izan zen lehen mobilizazio egun garrantzitsua. Lanuzteak tren-garraioan eta lizeoetan nabaritu ziren, batez ere, eta manifestazio jendetsuak egin ziren hiri nagusietan. Parisekoan PSko diputatu batzuek parte hartu zuten beren gobernuak sustatzen duen legearekin bat ez datozela argiki erakusteko. Lyonekoan, berriz, bukatu eta berehala istiluak izan ziren manifestari batzuen eta poliziaren artean eta hiru lagun atxilo hartu zituzten.
Baionakoa lasai igaro zen. CGT, FO, FSU eta LAB sindikatuek deituta, ehunka manifestarik (3.500, antolatzaileen esanetan) Saint-Ursuleko plazatik suprefeturarainoko bidea egin zuten euriari eta haizeari aurre eginez. EH Bai, NPA, EE-LV, PCF alderdiek eta Bizi elkarteak ere bat egin zuten deialdiarekin.
Esparru publikoko enpresetako (SNCF, Ospitalea....) eta pribatuetako (Dassault, Turbomeca) langileak, langabeak eta ikasle bakan batzuk ere presente izan ziren mobilizazioan.
Deialdi gehiago
Lan kodean erreforma sakonak aurreikusten dituen legea kontrako jarrera handia eragiten ari da, sindikatuen protestetan ez ezik, sarean ere islatzen ari dena. Hala, legea erretiratzeko eskatzeko abiatutako sinadura bilketak dagoeneko 1.200.000 izenpe gainditu ditu.
Datozen egunetan protesta gehiago izango dira. UNEF unibertsitateko ikasleen sindikatu nagusiak hilaren 14an mobilizatzera deitu du. 24rako, legea Ministro Kontseiluan aurkeztuko den egunerako, eta 31rako ere hitzorduak finkatu dira. Azken hori bereziki prestatzen ari dira lege-proiektua bertan behera uzteko exijitzen ari diren langile eta ikasleen sindikatuak.