GARA
Leioa

Manifestazio batekin hasi dute ikasleek Leioako Herri Unibertsitatea

Hirugarren urtez antolatu dute aurten eta antolamendua hobetzen hasiak direla agerikoa da. Topaketa luzeagoa eta anitzagoa da, eta ikasleena ez ezik adituen partaidetza dute hainbat gai sakonki landu ahal izateko. Gaur tailerrak izango dituzte goizez eta arratsaldez.

Leioako Herri Unibertsitatea hasi zen atzo campusean zehar egin zuten manifestazio batekin. Horrela jarri zen martxan bihar amaituko den ikasle topaketa. Suziri batekin ekin zioten protestari “Herritik eta herriaren mesedera” zioen pankarta bat eramanez. Ondoren, denak gimnasioan elkartu ziren azalpen orokorrak emateko eta gero hitzaldiekin hasi ziren.

Egun bakoitzean askotariko hitzaldiak izan dituzte, bakoitzak gustuko duen gaia aukera zezan. Adituek eta ikasleek prestatzen dituzte jendaurrekoak. Atzokoan, esaterako, kazetaritza eta komunikazioko ikasleek “Emakume borrokalarien irudikapena komunikabideetan” hitzaldia eskaini zuten; Porrotx pailazoa «irrigintzaz» eta herrigintzaz aritu zen; zientzietako ikasleek Donostia 2016 proiektua azaldu zuten; zuzenbidekoek etxebizitza eta okupazioa izan zuten oinarri; fisikakoek klase arin eta erraza eskaini zuten; medikuntzakoak drogen eraginei buruz mintzatu ziren; hezkuntzakoek Koldo Zuazoren laguntzarekin euskalkiak izan zituzten hizpide...

Gauean bertan lo egiteko aukera eman zuten, eta inor ez aspertzeko dantzaldia eta sorpresak izan ziren. Gaurkoan ere hitzaldiak eta tailerrak izango dituzte goizez eta arratsaldez. Bihar, ordea, eguerdian amaituko dute ekimena.

Gero eta handiagoa

Duela bi urte antolatu zuten ikasleek Herri Unibertsitatearen aurreneko ekitaldia. Bertan ehunka ikasle elkartu ziren Bologna planaren, tasen igoeraren, beken beherakadaren, Lomce legearen, eta graduak hiru urtera jaisteko eta masterrak bi urtera igotzeko asmoaren kontra egiteko.

Ekimena hazten ari den seinale, bi egun izatetik hiru izatera pasatu dira eta aldi berean zortzi klase eskaintzetik bederatzi eskaintzera. Gainera, hainbat gaik jarraipena izango dute eta interesa duenak horien inguruan sakonago ikasi ahal izango du, tartean, feminismoa edota elikadura burujabetza. Gainera, azken egunean plenario komun bat egingo dute guztien artean ideiak batu eta eztabaidatu ahal izateko.