«Arcelor-Mittal multinazionalak bere Sestaoko eta Zumarragako lantokiak ixtearekin egiten duen mehatxuaren arrazoia ez dago Txinako altzairu merkean, ez eta elektrizitatearen prezio handian ere. Erabakiek ez diote erantzuten egungo egoerari, multinazionalak hartu duen erabaki estrategikoari eta korporatiboari baizik», adierazi du LAB sindikatuak Bilbon egin duen agerraldian.
Zorion Ortigosa eta Jonan Goñi sindikatuko ordezkariek gogora ekarri dutenez, duela urte eta erdi, Zumarragako Arcelor-Mittalek, «malgutasun osoaren ordainez», lan-zama gehiago ekarriko zuela adierazi zuen. «Ez du ezertxo ere bete. Langileek bakarrik bete dute hitza», gehitu dute. Zentzu honetan ez dutela «inongo inbertsiorik egin» azpimarratu dute.
ACBk Asturiaseko planta indartzen ari dela ekarri dute gogora eta ea hauei dumpingak kalterik egiten ez dien galdetu dute. «Langileen lan baldintzak okertu ditu, zuzeneko enplegua suntsitu du, eta azpikontratazio handiago batez ordezkatu du. Hots, haren langileei dumpinga ezarri die». Zehazki, Asturias eta frantziar Estatuko lantokietara lan karga igortzea leporatu diote multinazionalari.
Era berean, Lakuak duen ardura azpimarratu dute, gogora ekarriz 2011 urtean multinazionalari bere esku zeuden akzioak saldu zizkiola. «Multinazionalak zabaldu duen tesia bere egin du, altzairutegia itxi izanaren erantzule Txinako altzairua eta energiaren kostu handia eginez. Hortaz, multinazionalak ez du inolako ardurarik honetan. Are gehiago, haren eginkizuna Bruselan txosten bat aurkeztera mugatu da, non besteak beste, multinazional honen eskakizunak biltzen diren. Hartan ez da inolako konpromisorik eskatzen bere altzairutegientzat. Hortaz, errealitatean, bien itxiera justifikatzen ari da», leporatu dio.
Honen aurrean, bai Sestao bai Zumarragako lantegiak berriz irekitzeko lanean jarraituko duela argitu du LABek eta horretarako Arcelor-Mittali «industria plan bat» eskatu diote.