Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Esnal, Parot anaiak eta Haranburu aske uzteko eskatu du Bagoazek

Hogeita sei urte preso daramaten lau lapurtarrek aspalditik baldintzapeko askatasunerako eskubidea duten arren, eskaera guztiak «arrazoi politikoengatik» atzera bota dituztela salatu du Bagoazek. Berrikitan aske geratu den Lorentxa Guimonen kasua ikasgai hartuta, gizarteari mobilizatzeko deia egin diote gaur goizean, Baionan.

Apirilaren 5 eta 9ko mobilizazioak aurkeztu ditu Bagoazek Baionan. (Bob EDME)
Apirilaren 5 eta 9ko mobilizazioak aurkeztu ditu Bagoazek Baionan. (Bob EDME)

Txistor Haranburu, Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot bizitza osorako espetxera kondenatu zituen Estatu frantsesak. Unai Parot, berriz, 40 urtera espainiarrak. Guztiek «zigor zorrotzenak» jaso zituzten, beraz. Alabaina, apirilaren 2an 26 urte preso beteko dituzten lau lapurtarrek, bi Estatuko legeean arabera, baldintzapeko askatasuna eskuratzeko eskubidea dute.

Egin dituzten eskaera guztiak, ordea, atzera bota dituzte, «arrazoi politikoengatik eta ez arrazoi juridikoengatik» Bagoazeko kideek eta bertan zen Unai Paroten alabak nabarmendu dutenez. Presoen eskubideen alde diharduen kolektibioaren aburuz, agintari frantsesek epaileen «instrumentalizazioa» baliatuz eta pertsonen eskubideei «muzin eginez» konponbidea «blokatzen segitzen dute argi eta garbi».

Bi mobilizazio

Horiek horrela, eta gauzak aldatzeko mobilizazioa tresna erangikorrena dela adierazita, «duela gutxi Lorentxa Guimonen aferan ikusi ahal izan dugun bezala», bi hitzordu eman dizkie herritarrei lau presoen eta larriki eri den Ibon Fernandez Iradiren askatasuna aldarrikatzeko.

Lehena apirilaren 5ean, 19.00etan, Donibane Lohizuneko geltokian egingo den elkarretaratzea izango da. Egun horretan Jakes Esnalen baldintzapeko askatasuna aztertuko dute epaileek. Bigarren deia, berriz, apirilaren 9ko 17.00etarako egin dute, herri bereko plazatik ‘26 urte aski da. Xistor, Jaskes, Ion eta Unai askatu’ lelopean abiatuko den manifestazioa, hain zuzen ere.