100.000 herritarren ordezkaritza elkargo bakarraren alde, lehen kolpean
Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak erabaki ostean, 100.000tik gora herritarren ordezkaritzaren babesa izango du dagoeneko Ipar Euskal Herrirako elkargo bakarrak. Biztanleen eta udalerrien erdiaren babesa behar du elkargoak ezarri ahal izateko. Baterak elgarretaratzeak deitu ditu biharko herriz herri garatu duen kanpainaren azken ekimen gisa.
Herriarteko Lankidetzarako Erakunde Publikoa, HELEP (EPCI frantsesez). Hori da Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeak egitura bakarrean bilduko dituen instituzio propioa. Herriz herri aldeko eta kontrako erabakia hartzeko tartea dute orain udalerriek maiatza bitartean eta asteburura 100.000tik gora biztanleren ordezkarien baietza jasota iritsiko da egitura berria. Ezarria izan dadin, alde bozkatzen duten herriek Ipar Euskal Herriak dituen ia 300.000 biztanleen erdia ordezkatu behar dute eta 158 udalerrien erdia baino gehiago izan behar dira. Gehiengoa beraz, bi eremuetan lortu behar da, biztanle kopuruan eta udalerrienean.
Hendaia (ia 17.000 biztanle) eta Senpere (ia 6.000) izan ziren lehenak baiezko erabakia hartzen, segidan etorri dira Hiriburu eta 44.000 biztanletik gora dituen Baiona. Behorlegi, Sara, Maule, Zuraide, Gabadi, Ezpeleta eta Uztaritzek ere baizeko botoa eman dute azken egunotan eta Donibane Lohizuneko (14.000) herriko kontseiluak iluntzean eman dio babesa elkargo berriari. Beraz, 100.000tik gora biztanleren ordezkarien eta 12 herriren babesarekin iritsiko da hiru euskal herrialdeak egitura bakarrean jasoko dituen elkargoa asteburura. 300 biztanlera iristen ez den Irulegi da, oraingoz, aurka bozkatu duen bakarra.
Maiatza arte dute herriko etxeek euren erabakia ezagutarazteko. Udazkenean loteslea ez zen antzeko bozketa egin zen udalerrietan, hauen %71k elkargoaren aldeko iritzia plazaratu zuen, herritarren %66ko ordezkaritza ziren, gainera.
Orduan iritzi zena orain erabaki behar da bihurtu eta Baiona inguruko hirigunea da, biztanle kopuruagatik, kontrako jarrerari dagokionez adi jarraitu beharrekoa. Badira udazkenean aurka bozkatu arren orain alde ager daitezkeen herriko etxeak, Biarritzekoa kasu (20 kontseilarik bozkatu zuten aurka, 12k alde eta 3 boto zuri izan ziren). Mediabasken argitaratutakoaren arabera, hainbat kontseilarik orduko botoa aldatu eta baiezkoaren aldeko hautua egin dezakete apirilaren 7an izango den bozketan.
Mobilizazioak azken txanpan
Herriko Etxeen erabaki garai honetan herritarren mobilizazioa ere esanguratsua izan da. Instituzio propioaren alde egindako bideari jarraiki, Baterak azken hilabeteetan Ipar Euskal Herriko 158 herritara autobus karabana eraman du instituzio berriaren alde eta bihar amaituko du mobilizazio aldi hori elkargoaren aldeko elgarretaratzeekin. 11.00tarako deitu ditu herritarrak Oxkaxeko lepoan, Baionan (Espainiako Atea) eta Ziburun (portuan), ordubete beranduago da hitzordua Uztaritzen, Herriko Etxearen aurrean.
Urte luzetako dinamika baten eta hamarkada luzetako aldarrikapen baten fase amaiera dakar elkargoak. Lehen aldiz; Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa instituzio bakarrean aitortuko dituen egitura lortzeko aukera baitakar Ipar Euskal Herriko Herriarteko Lankidetzarako Erakunde Publikoak.