Egunaren zalaparta apaltzen hasi da. Arratsaldeko seiak dira eta oskarbi eta hotz aurreikusten den ilunabarrean barrura begira jartzen da ezinbestean gogamena; baina eguzkia makurtzen denean hasten da eguna zenbaitentzat. Azken prestaketa lanei helduta dabiltza Getariako “Agustin Deuna” ontziko marinelak, hain arrotz zaizkien begiradak sumatu dituztenean. Portuan ere itsasotik erretiratu baina portutik erretiroa hartu ezinda dabiltzanen tertulia eten dute argazki kamera eta ohar koadernoek. «Tira ba...» batekin agurtu dute barkua. Seiak jo orduko abiatu da portutik itsaso zabalera bidean. Gaua salbatuko duten 20.000 kilo berdel porturatzea da ontzian lan egiten duten 16 arrantzaleen nahi eta helburua.
Gaur geldo eta lasai agertzen den itsasoan arrastoa utziz irten da portutik eta hari jarraika bezala abiatu dira Getarian dauden gainerako ontziak ere. Portuaren babesetik irtendakoan handi egiten da itsasoa aurrean eta Donostia aldetik datozen ontziek ematen dute lehen pista. Handik badatoz, arrain asko ez dagoen seinale. Bizkaiko kostara, beraz. Aurretik, Madrilera idatzi beharra dago, ontzi guztiak behartuta baitaude abiatu aurretik noiz eta nondik irteten diren, zer harrapatu behar duten eta zein modutan egingo duten jakinaraztera. Ontziak edozein arazo izanez gero ere lagungarriak dira datu horiek. «Lasai, inoiz ez dugu laguntza jaso beharrik izan», diote lasaitze aldera.
Bide luzea egin gabe hartu du gauak eguna eta kostaldeko herrietako argiteria bilakatu da eskarmenturik gabekoarentzat burua kokatzeko modu bakarra. Iñaki Larrañaga, Xaxtre, ontziko patroiak esperientzia eta sena, biak, garatuak ditu; 22 bi urte daramatza itsasoan lanean eta 2002az geroztik patroi gisa. Hura halako herri da eta urrutian ikusten den hura, berriz, halako da esanaz seinalatu ditu kostaldeko bazter guztiak. Begirik ez die kentzen, ordea, parean dituen aparailu argitsuei, radarrak eta lokalizagailuak dira gehienak. Horiek erakusten diete non dauden, hondoa zein alturatan duten, beste ontziak non dabiltzan eta zein norabide daramaten, besteak beste; deigarriena, akaso, erdian kokatuta eta koloretan espresatzen den beste gailu bat da, halere; arraina non dagoen ohartarazten die hark. Kolorez aldatzen da behin eta berriz. «Arrain pilaketak atzematen ditu eta kolore hauek horiek adierazten dituzte. Zein arrain diren ere bereiz daiteke; izan ere, arrainen brankien tamainaren arabera desberdin ageri da irudia», aipatu du. Etengabe aldatzen da kolorez. Gorria eta indartsua zirudien irudia lausotu egiten da bat-batean. Ez da arrainik, ez oraindik behintzat.
Hitz-aspertuan bidea egin eta Ondarroa pareraino iritsi da “Agustin Deuna”. Ordurako ontziaren buelta jan usain gozoak hartu du. «Afaria prestatzen hasi dira!», ohartarazi du patroiak. Gero, agian, ez da atsedenik hartzeko tarterik izango eta lan betean sartu aurretik aurreratzen dute ere gaua esna pasatzen laguntzen dien kafea; gaurkoan patata-tortilla egin dute. Denetarik duen sukalde estua dute horretarako, baita bi mahai handi dituen jangela txikitxo bat ere. Afaria eta haren ostekoa entretenitua dago bertan, Athleticen partida ikusteko modua baitute telebistan. Euskal taldearen aldekoek ez diote begirik kentzen, han eta hemen lantxoak egiten dituzten bitartean; bada, hark ez beste inork irabaztea nahiago lukeenik ere. Saltsa, beraz.
Jokaldiez eta arbitroaren erabakiez eztabaidatzen duten bitartean, berriz ere Getaria pareraino bueltan etorriak dira. «Batzuetan portutik irten eta berehala topatzen dugu berdela, eta beste egun batzuetan, berriz, batera eta bestera mugitu behar dugu topatu arte», ohartarazi du Larrañagak. Ontziak bidean ekarritako abiadura nabarmen murriztu du, ia gelditzeraino eta hori laster lanean hasi behar duten seinale da. Arrantzaleak, beraz, zain daude agindua noiz jasoko. Larrañaga adi-adi dago kolore gorriz marrazten den irudiari so eta itsasoaren korronteak atzematen; izan ere, behar-beharrezkoa da arraina non dagoen jakiteaz gain, nondik nora doan ezagutzea, eta are gehiago berdelaren arrantzan, batetik bestera azkar mugitzen iaioa den espeziea baita.
Sarea zabaltzearen magia. Ba ote da, ez ote da... Balekoa eman dio saialdiari patroiak eta segidan egin du oihu ozena. Une magikoa da ia. Arrantzale bakoitzak zalapartan bere tokia hartu du eta ia konturatzerako hasi dira itsasoan eta argitxoak erantsita sarea zabaltzen. Horiek erakutsiko dute, behin erabat zabaldutakoan, sarea, seiehun metro luze eta 150 metroko sakonera duena. Inoiz ez da, ordea, hondo-hondoraino zabaltzen. Patroiak dio 20-30 metroko sakoneran dagoen arraina arrantzatzen dutela eta sarea ez dela 50 metro baino sakonago sartzen. Behin guztiz zabaldua dagoenean pizten dira ingurua erabat argiztatzen duten fokuak. «Sarea zabaldu bitartean ez dugu argirik izaten, arrainak beldurtu ez daitezen; sarea jasotzerako barku guztiok pizten ditugu argiak», zehaztu du Larrañagak, inguruari begira jarrita. Iluntasun erabatekoan, ipurtargien antzera bereizten dira arrantzan ari diren barkuak. Bat, bi, hiru, lau, bost... Sei ere atzeman daitezke urrutira begiratu gabe.
Erabat zabaldutakoan, hura jasotzeko lanak hasten dituzte arrantzaleek. Egun makinek laguntzen dute horretan. Garabi moduko bat hasten da pixkanaka sarea uretatik jasotzen eta berau gordetzeko duten kaxa handi batean biltzen. Trabatu ez dadin zaintzen dute. Zalaparta eta ezinegon unea da; ia erabat jaso arte ez da jakiten-eta saialdia balekoa den edo ez. Zortea bada, saio bakarrean hartuko dute behar dutena; gainerakoan, saialdi gehiago egin beharko dituzte. Naturak berak eman du lehen pista. Pixkanaka-pixkanaka hainbat kaio bertaratu dira sarearen bueltara, arraina dagoen seinale. Arrantzaleek denboraren poderioz garatu duten pazientziarik ez duenarentzat luze egiten da itxaronaldia. Sarea bota eta jasotzen ordubete inguru eman dute. Azken txanpa eskuz egin behar dute, sarea poltsa gisara biltzea dagokie, izan ere. Eskularru sendoak jantzita batzuk, esku hutsik zenbait, esfortzu handiko beharra egin behar izaten dute une horretan. Lanaren ordaina, ordea, segidan atzematen dute. Uraren iluntasunean hasi da zilar kolorea bereizten, tamaina handiko berdel piloa kateatzea lortu dute sarearekin.
Erraztasun handiak eskaintzen ditu gaur egungo barkuetako tresneriak. Iñaki Arrizabalaga debarrak 54 urte ditu eta 25 urte daramatza itsasoan lanean; oraindik ahazteko du arraina eskuz eta salabardoaren laguntzarekin nola jasotzen zuten saretik. Xurgagailu moduko batek egiten du hori egun. Sarea jaso dutenean, sartzen da haren muturretako bat uretan eta arraina zuzenean ur hotzeko zirkuituak dituzten tanga batzuetara eramaten du. Irudia eta soinua, biak dira zirrara eragitekoak. Kiloka eta kiloka berdel, mugimendu azkarrean oraindik ere. Beste mordo bat kaxetan eta izotzarekin jarri dute zuzenean. Sotoan katean egiten dute lan ia: izotza botatzen die batek, kaxak jartzen ditu beste batek, arraina dakarren hodi handiarekin betetzen ditu besteak... Beharrezkoa da arin jardutea arraina portura ahalik eta egoerarik onenean eramateko.
Lan hori amaitutakoan, jangelan elkartu dira berriz ere arrantzaleak barrenak goxatuko dizkien kafe katilukada bat hartzeko; baten batek nahiago izan du atseden hartzera joan. Irribarreak atzematen dira mahaiaren bueltan. «Osteguna da gaur eta asteko lanak amaituko ditugu, astelehenetan ez da halako umorerik izaten», abisatu du Mikel Landa mutrikuarrak. Barkuko arrantzale gehienek bezalaxe, ia bizitza osoa darama itsasoaren ondoan. 16 urte zituela hasi zen lanean, baina aurretik ere etxean jasoa zuen itsasoarekiko grina: «Naturarekin kontaktu zuzenean lan egiteko aukera ematen du. Denborarekin ohitzen edo nekatzen joaten zara, baina akordatzen naiz hasiera hartan zein lilurarekin begiratzen genion itsasoari». Buruarekin baietz dio Jose Luis Oliveri getariarrak. Itsasoak halako tiradizoa du guztientzat. «Itsasoak sorpresak ezkutatzen ditu; gutxien espero duzunean sarekada eder bat jasotzen duzu eta beste batzuetan berriz ez dizu ezer ematen», azaldu du Agirrezabalak. Gauza bera kontatu du Cheikhou Bop senegaldarrak. Bizitza darama itsasoari lotuta hark ere, Senegalen lehendabizi eta 2007az geroztik Getarian. «Egun batzuetan ikusi ere ez dugu egin nahi itsasoa, baina lurrean hilabete daramazunerako itzultzeko sekulako gogoa sentitzen hasten zara; droga baten parekoa da». Itsasoan luzaroan lan egin eta erretiroa hartuta dauden arrantzaleei erreparatu besterik ez dagoela diote, portuan barkua agurtu dutenak kasu. Itsasoan luze lan egin eta itsasertzean bizi dira orain, eguraldiari eta itsasoari tankera hartzen, barkuak agurtzen... Gauean jaso duten arraina gainbegiratuko duten lehendabizikoak izango dira egunsentian seguruenik. Haiek eta barkuetatik iritsiko den berdelaren zain diren handizkako merkatariek, noski.
Kuoten gorabeherak. Berdelaren kanpaina Europar Batasunak espezie honentzako ezarritako kuotak baldintzatzen du erabat. «Oso kuota baxua dugu, barkuko 84.000 kilo besterik ez. Berdela, batez ere, Europa iparraldeko estatuek harrapatzen dute; haiek dute espezie honentzako kuporik altuena», azaldu du patroiak. Europak estatu bakoitzari ezarritako guztizko kilo kopurua barkuen artean zatitu ostean ezartzen da barku bakoitzarentzat zenbatekoa eta portuko ontzien artean adosten dute, berriz, eguneko jaso nahi dutena.
Lau egunetan zehar ahalegintzen dira zenbateko hori osatzen, eguneko 20.000 kiloko muga hori ezarrita. «Jasotzen duguna baino gehiago jaso genezake seguru asko gau bakarrean, baina ontzi guztiek batera arrain gehiago jasoko bagenu, kiloko pagatzen duten prezioa are eta gehiago jaitsiko litzateke eta hori ere zaindu beharra dago», ohartarazi du, merkatuaren gorabeherak aipatu eta arrain honek enkantean lortzen duen prezio baxua nabarmenduta: «Herritarren artean gero eta estimu handiago izan arren, ez da hori nabarmentzen guri ordaintzen diguten prezioan. Atzo bertan kiloko 60 zentimo jaso genituen». Arraina itsasotik irten eta etxeko mahaira iritsi bitartean egiten duen bidea luzea da, izan ere. «Tartean jende asko dago, guretzat behar-beharrezkoak dira, baina irabazien banaketa ez da parekoa izaten. Nik ikusten dut hemen goizean arrain kiloa zein preziotan saldu den portuan eta arratsaldean dendan zein preziotan dagoen... Poltsiko asko dago betetzeko», azaldu du. Antxoak bestelako etekinak ematen dituela dio. «Iaz, esaterako, kontserberak hutsik zeuden ia eta asko igo zen antxoaren prezioa, ea aurten zein preziotan saltzen dugun...».
Berdelaren kanpaina amaitzearekin bat hasi ohi da antxoarena, eta haren ondotik dator udan atunarena eta ondoren, udazkenean, sardinarena. «Zalantzarik gabe, atunaren kanpaina da guztien artean gogorrena. Hiru bat aste ematen ditugu portura itzuli gabe arrantzan eta, uda garaia izanik, ez da batere samurra egiten, ez guretzat, ez eta gure familientzat ere», aipatu du Larrañagak. Gainerako marinelak bat datoz horretan. «Itsasoa gustuko dugu zalantzarik gabe, baina lehorreratu gabe horrenbeste denbora pasatzea nekagarria da. Etengabekoa da lana eta hura amaitutakoan ez duzu atseden hartzen, azken batean lankideekin bizi zarelako denbora horretan guztian», aipatu du Arrizabalagak. Gogortasunak gogortasun, berdelaren arrantzarekin alderatuta, atunarena ederragoa dela diote, aleak banan-banan jasotzen dituztelako.
Sare konpontzaileen derrigorrezko lana. Harrapaketan, botatzean eta jasotzean, asko zaintzen da sarea puskatu ez dadin, dirutza balio duelako. «Kontua izan behar da hondoa zein altueratan dagoen, baita behar baino arrain gehiago barruan har ez dezan, gainerakoan sarea puskatu daiteke eta». Eguneroko lanak sortzen dituen zarrata txikiak portuan bertan konpontzen dituzte sare konpontzaileek. «Ontzi bakoitzak bere taldetxoa du; normalean familiakoak izaten dira. Gauez sarea puskatu zaigula ikusten badugu, abisatu egiten diegu eta goizerako zain izaten dira portuan». Ontziren bati sarea asko puskatu bazaio, guztiak elkartzen dira. «Horretan elkartasun handia dago». Eskuz eta pazientzia handiz egiten den lana da sare konpontzaileena, arrantza-ontzientzat behar-beharrezkoa den ofizioa eta belaunaldi berriek ikasten ez badute etorkizun beltza duena.
Arrantzaren edo zehazki portuetan dauden barku askoren etorkizuna aldrebes samarra ikusten dute, halaber. Getarian 14 arrantza barku daude, baina hiru-lau urteren bueltan erdiek jarduera utzi beharko dutela uste du Larrañagak. Oro har, jendeari itsasoan lan egitea ez zaiola gustatzen nabarmendu du. «Hau ez da lantegi baten modukoa, hemen ez dago ordutegi zehatzik. Gaur seietan irten gara eta hurrengoan, akaso, bostetan. Amaiera ordurik ere ez da, harrapatzen dugun arrainaren baitan baitago; irabaziak ere bai», gogorarazi du. Larrañagak berak ez du familia aste osoan zehar ikusten ia. «Goizean itzultzen gara portura eta arraina deskargatu eta ontzia prestatu orduko, berriz ere itsasora irteteko ordu bakar batzuk falta zaizkigu... Beraz, nahiago izaten dut barkuan bertan lo egin eta berriz irteteko prestatu».
Arrantzaren gorabehera guztiak ahotan hartuta, Getariako portuaren atarian da “Agustin Deuna” berriz. Garaiz dabiltza oraindik eta sardina apur bat porturatzen saiatuko dira orain, bisitariak agurtuta. Umoretsu daude, lan astearen azken txanpa dute-eta, baina ez dute okasioa galdu, oihuka ia, mezu bat botatzeko: «Hurrengoan, inork arraina garesti dagoela esaten badizu, kontaiozu hura jasotzeak dakarren lan guztia eta guk ordainetan jasotzen duguna». Esana dago.