NAIZ
zumarraga

Arcelorrek soilik itxieraren inguruan negoziatu nahi duela salatu du enpresa komiteak

Enpresa komiteak Zumarragako Arcelor Mitallekin adostutako plan bat aurkeztea proposatu du, baina  Zuzendaritzak ezezkoa eman eta soilik itxieraren inguruan aritu nahi duela salatu dute. Beste behin defendatu duteplanta «bideragarria» dela.

Arcelor Mittal Zumarragako langileak plantaren atarian. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Arcelor Mittal Zumarragako langileak plantaren atarian. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Zumarragako Arcelor Mittaleko enpresa komiteak enpresaren «itxiera ekidin eta enpleguaren alde» egiten jarraituko duela adierazi du. Hau dela-eta, enpresarekin adostutako etorkizuneko plan alternatibo bat aurkeztea proposatu du, baina enpresaren ezezkoa jaso du.

Atzo, apirilak 20, Arcelor Mittaleko enpresa komitea eta enpresaren artean izandako bileran, azken honek Zumarragako «aktibitate industriala mantentzea posible egingo luketen neurri alternatiboen inguruan hitz egiteari uko» egin diola salatu du ohar baten bidez.

Bilera horretan, Zuzendaritzak, gaur egungo produkzioaren %85 ez lukela Arcelor Mittal taldeak produzituko helarazi zien, eta hau «harrigarritzat» jo dute. Hala ere, berriz ere defendatu dute planta «bideragarria» dela, eta honen aurrean dei egin die erakunde eta jendarteari «plantaren aldeko apustua egin dezan itxiera ekidin eta enplegua mantentzeko».

«Argudioak jarri ditugu mahai gainean, eztabaidatu dugu enpresak azaldutako arrazoien inguruan, baina honen aurrean enpresak adierazi du ez dela arrazoien inguruan eztabaidatu behar, itxieraren inguruan hitzegin baizik», nabarmendu dute.