Iraia OIARZABAL

Emakume erresistenteak

Hitzek ez dute beti dena esaten baina ezinbestekoak dira, batez ere, itzalean godetako historiaren zati bat argitara atera dadin. Elgetan berbek ez ezik, begiradek ere hitz egin zuten emakume erresistente eta errepresaliatuei eginiko omenaldian. Aitortza xume bezain beharrezkoa izan zen.

Emakume erresistente eta errepresaliatuak omendu zituzten Elgetan. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Emakume erresistente eta errepresaliatuak omendu zituzten Elgetan. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

«Historiako eta memoria kolektiboko orrietan isilaraziak izan diren ahotsak entzunarazi nahi ditugu gaurkoan»; Julia Monge Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideak esandako hitz horiekin laburtu daiteke atzo Elgetan egindako ekitaldiaren mamia. 42 emakume erresistente eta errepresaliatu omendu zituzten; eremu ezberdinetan aritu zirenak: milizianoak, erizainak, erreportariak, maistrak... Guztiak izan ziren behartutako protagonista frankismoa eta gerra izan ziren historiaren atal beltz horretan. Urte asko izan dira euren hitza entzun gabe, kontatzeko dutena erraietan gordeta. Baina hasi da ateratzen.

Ez da samurra Josefina Lambertoren testigantza, bizipen gogorrek markatu dute bere bizitza eta oroimenean iltzatuta ditu pasatakoak. «Inork ez daki zer sufritu dudan», dio begirada urrunean jarrita. Ongi gogoratzen du zoritxarraren hasiera, zazpi urte zituela. 1936ko abuztuaren 15ean, goizeko ordu biak aldera, indar frankistak bere etxean bortizki sartu eta aita eta ahizpa zaharrena eraman zituzten. Biak hil zituzten, ahizpa aurretik bortxatu eta gero; urte luzeet an, ordea, ez zuten gertatutakoaren berririk izan. Lur azpian gordetako historia ilunaren beste pasarte bat zen.

Garai latzak bizi behar izan zituen gerora ere, ama eta beste ahizpa batekin: amaren espetxeratzea, pobrezia, errepresioa... Moja sartzea erabaki zuenean zoritxarra bukatuko zela pentsatu zuen, baina ez zen hala izan. «Esklabo bat izan nintzen», aitortu du gordin. Misiolari bezala haurrak zaintzea zen bere nahia: «Ez nuen nahi haiek sufritzea nik sufritu nuena». Ez zioten aukerarik eman, beste lan batzuk egitera behartu zuten. Susmoa du bere familiaren jatorriagatik ordainarazi nahi zioten zigorra izan zela. Horrela eman zituen 46 urte, aise ahaztuko ez dituenak.

Gerratik ihes egitea lortu zutenek erbestearen gorabeherak ezagutu zituzten. Arantza Amezagak ongi daki. Buenos Airesen jaio zen orain 73 urte, bere gurasoek ihesaldia hasi zutenean. «Erbesteak pobrezia materiala dauka, baina badu handitasun espiritual bat ere. Guk bagenekien gure gurasoak euskaldunak zirela eta askatasunaren alde egin zutela borroka, eta horrek oso aberats egiten gintuen», aipatu du.

Une gogorrak bizi zituzten arren, egun zorionekoa sentitzen da urteekin Euskal Herrira itzultzeko aukera ireki zitzaiolako. Bere lau semeek euskara ikas zezaten zen bere ilusioa eta gaur egun harrotasunez esaten du lau seme eta 11 biloba euskaldun dituela.

Oraindik, zain

Torturaren gaiak ere izan zuen tokirik ekitaldian: «Gure gorputzak gerra krimenen guda-zelai bihurtu zituzten. Gure konpromiso politiko eta sozialagatik torturatuak izan ginen», adierazi zuten aurkezleek. Asko dira Euskal Herrian hitz horiek berrets ditzaketen emakumeak. Agurtzane Juanena da horietako bat. 1975eko irailean, Franco hiltzear zela, atxilotu egin zuen Poliziak. Hamabi ordu besterik ez zituen eman polizia-etxean, baina larriki zauritua atera zen, bere burua leihotik bota baitzuen, lagunak ez salatzearren. Urteak eman zituen isilean, gertatutakoa bere baitan gordeta, 2003an “Esan gabe neukana” liburuan askatu zuen arte.

Atzokoa beretzat itxaropen eguna izan zela aitortzen du, urte askotan ezkutatuta egon den fenomeno bat, Euskal Herriarentzat oso larria izan dena eta pertsona askori eragin diona, ikusarazten duelako.

Bere esperientziari buruz galdetuta, ahoan bilorik gabe mintzatzen da: «Barkazioaren gaia ez dut bizitzen erantzun beharreko kontu bat bezala. Ez dauka zentzu handirik niretzat, maila pertsonalean, behinik behin. Ez daukat gorrotorik eta ez dut ezeren premiarik, hau da, ez zait inporta ni torturatu nindutenekin zer gertatuko den. Hori garbi utzita, sozialki uste dut beharrezkoa dela. Torturatua izan den pertsona bezala nahi nuke justizia gure herriarentzat. Egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermea».

Errekonozimenduaren bidean, adiera ekonomikotik harago doa Juanena eta torturaren inguruan dagoen sufrimendu guztiaren inguruan aitortza egiteko beste modu batzuk aipatzen ditu. Esaterako, torturak gertatu diren tokiak torturaleku bezala ezagutaraztea eta museoak egitea. «Nire kasuan, latzena ia altzaririk ez zegoen leku batean bizi izan nuen, horixe izan zen niretzat. Baina nahiko nuke Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartela, La Cumbre jauregia, Donostiako Gobernu Zibila... ezagunak izatea han egin ziren izugarrikeriengatik» , aldarrikatu du. «Kulturarekin lotzen dut nik, batez ere, erreparazioa. Horren zain nago».

“Egiaren iturria” eskultura jaso zuten atzo omenduek, eta bertatik edan nahi dute injustiziaren biktima guztiek.