NAIZ

Gaur hasiko da bederatzi militante independentistaren aurkako epaiketa Entzutegi Nazionalean

Gaur hasiko da espainiar Entzutegi Nazionalean Urko Aierbe, Joxe Aldasoro, Aniaitz Ariznabarreta, Sandra Barrenetxea, Erika Bilbao, Eneko Compains, Ugaitz Elizaran, Egoitz Garmendia eta Rosa Iriarteren aurkako epaiketa. EKINeko zuzendaritzako kide izatea leporatuta, Fiskaltzak 9 eta 15 urte bitarteko espetxe zigor eskariak egin ditu.

Auzipetuak, epaiketa hasi aurretik. (@albertopradilla)
Auzipetuak, epaiketa hasi aurretik. (@albertopradilla)

Euskal militante independentisten aurkako epaiketa berri bat hasiko da gaur Madrilgo Entzutegi Nazionalean. Bertan Urko Aierbe, Joxe Aldasoro, Aniaitz Ariznabarreta, Sandra Barrenetxea, Erika Bilbao, Eneko Compains, Ugaitz Elizaran, Egoitz Garmendia eta Rosa Iriarte epaituko dituzte, EKINeko zuzendaritzako kide izatea leporatuta.

8/2013 sumarioan auziperatutako militanteentzako Fiskaltzak 9 eta 15 urte bitarteko espetxe zigor eskariak egin ditu, eta azpimarratu dutenez, ez da akordiorako aukerarik aurreikusten «AVT eta Dignidad y Justiciak osatzen duten akusazio partikularraren kontrako jarrera dela-eta». Epaiketa ekainaren 2ra arte luzatzea espero da.

Bederatziak 2010eko irailean izan ziren atxilotuak eta inkomunikazio garaian torturak sufritu zituztela salatu dute. Espetxean eman zituzten bi urte inguruetan etxetik 500 kilometro baino gehiagora sakabanatuak izan ziren.

Epaiketa berri honen aurrean, azken hilabeteetan ‘Basque Lives Matter’ kanpaina jarri dute martxan.