@MartxeloDiaz
IRUÑEA

Herritarren kexek aldaketak eragiten dituztela nabarmentzen du Behatokiaren txostenak

Herritarrek egiten dituzten kexak aldaketak lortzeko eraginkorrak direla nabarmentzen du gaur Iruñean aurkeztu duten hizkuntza eskubideen egoerari buruzko Behatokiaren txostenak. Beste aldean, ordea, erakundeek oraindik utzikeriaz jokatzen dutela azpimarratu du Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak.

Garbiñe Petriatik eta Arantza Haranburuk aurkeztu dute Behatokiaren txostena. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Garbiñe Petriatik eta Arantza Haranburuk aurkeztu dute Behatokiaren txostena. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Herritarren determinazioari esker hainbat egoerari konponbidea ematea lortu dela nabrarmentzen du Behatokiaren txostenak –www.behatokia.eus helbidean irakur daiteke–. «Hizkuntza dela-eta bigarren mailako herritar gisa tratatuak izatea onartzen ez dutenak, tratu duina exijitu eta egiten duten ahaleginaren ondorioz aldaketak eragin dituzte», nabarmendu du Arantza Haranburu Behatokiko kideak.

Horien adibideak ere aipatu dituzte. Iberdrolaren faktura gaztelania hutsean zegoela salatu ondoren, konpainiak euskaratu egin zuen. Baskonia taldearen Instagram kontua soilik gaztelaniaz zela ohartarazi eta gero, saskibaloi taldeak euskaratu egin zuen, eskerrak eman eta gero. Uharteko Udalaren komunikazioak ere gaztelania hutsean ziren. Kexa plazaratu eta gero euskaratu zituzten. Zabalganako osasun zentroan gaztelaniaz baino ez zituzten egiten aurre-erditze klaseak. Salaketaren ondoren, euskarazko talde bat osatu zen Gasteiz osorako. Eta abar.

«Herritarrekin bidea eginez, lortu da hainbat kasutan aldaketak eragitea», gaineratu du Haranburuk.

Agintarien utzikeria

Balantzearen beste aldea ez da, ordea, hain pozgarria. «Herritar guztien eskubide guztiak bermatzeko ardura daukaten agintariek eta arduradunek, askotan utzikeriaz jokatzen dute», esan du Petriatik.

«Erdarak lehenesten diren testuinguru orokor baten baitan ematen dira egoera hauek guztiak. Urtez urte errepikatu dugun gauza bera esan beharrean gaude orain ere. Euskal Herriko eremu administratibo guztietan, estatu administrazioan, administrazio autonomikoetan eta toki administrazioetan, arlo publikoan zein sektore sozioekonomikoan gertatzen dira urraketak», gaineratu du Behatokiaren zuzendariak.

«Erantzunkizunak dituzten pertsonak eta arduradunak, maiz, uzkur dira urraketa egoeren aurrean. Hainbatetan utzikeriaz jokatzen dute. Kritikagarria da agintarien aldetik euskaraz bizi nahi hori bermatzeko behar besteko ahalegina ez egitea», nabarmendu du Petriatik.