Maiatzaren 29an, igandean, Donostiako Gipuzkoa plaza erraustegiaren aurkako plaza bihurtuko dute. Bertan, Diputazioaren aurrean, ‘Ez goaz etxera’ lemapean, plaza «pertsonek, norbanako bakoitzaren hitzek» hartu behar dutela azpimarratu dute ohar baten bidez.
«Aldi berean eta batera jardunda politika hau aldatzeko palanka izan behar dugu. Eskaini diezaiogun gure denbora eta bizipoza inflexioa sortzeari. Jar dezagun praktikan nahi dugun bizitza», gehitu dute.
Honela, «ordezkari eta hierarkiarik gabeko mugimendua» izango dela nabarmendu dute. «Mugimendua izango gara, denean ados jarri behar izan gabe, baina sinkronizatzean olatuak sortzeko gai dena». Deialdia sare sozialen bitartez egin dute, @GipuzkoaZutik kontuaren bitartez.
ADI!! IGANDERAKO DEIALDIA!!
— Gipuzkoa Zutik (@GipuzkoaZutik) 2016(e)ko maiatzak 25
Irakurri eta zabaldu lau haizetara mesedez!! #EzGoazEtxera https://t.co/klrsg07r1f RT RT pic.twitter.com/OcU16A4Tcm
«Erraustegia egiten uzten badiegu, onartzen ari gara baietz, herritarron bizitzak baino gehiago balio duela betiko lauen diruak. Onartzen ari gara etorkizuneko belaunaldiak zorpetuta jaioko direla! Erraustegia onartzen badugu, arnasa garbi hartzea ere debekatuko badigute, zer geratzen zaigu? Asko dugu jokoan», adierazi dute.
Mundu mailako beste mugimendu batzuen garrantzia nabarmendu dute, Nuit Debout, M15, Saharako Gdem Izik, Istanbuleko Gezi eta Occupy tarteko, eta igandean lo zakuarekin gerturatzeko deia egin dute.