NAIZ
IRUÑEA

‘Guk ibilitakoak gureak dira’ erakusketa trenez iritsiko da astelehenean Iruñera

Pello Mariñelarena preso ohiaren ‘Guk ibilitakoak gureak dira’ erakusketa ibiltaria ekainaren 6an iritsiko da Iruñeko Katakrakera. Sareren ‘Hartu trena’ dinamikarekin lotuko dute, Sakanatik nafar hiriburura trenez eramanda.

‘Guk ibilitakoak gureak dira’ lana Katakraken egonen da ikusgai astelehenetik aurrera. Pello Mariñelarenaren erakusketa ibiltariak bat egingo du Sareren ‘Hartu trena’ dinamikarekin eta Sakanatik Iruñeko tren geltokira iritsiko da 17:30ak inguruan.

Lanak giza-kate berezi baten bitartez eramango dira Katakrakeraino.

Etxarri-Aranatzeko artistak, hil aurretik eta preso zegoenean egindako lanak egonen dira ikusgai. Mariñelarena preso egonda gaixotu eta «espetxeko utzikeria medikoa dela-eta» zendu zela gogorarazi dute. 1993an zendu zen sakandarra, IHESa zuela.

Maargolanak eta poesia uztartzen ditu obrak eta honen bitartez, nafar hiriburuan ekainaren 19an egingo den mobiizaziorako deia luzatu dute. Bertan preso politikoen giza eskubideak errespetatzea, gaixo daudenak etxera itzultzea eta dispertsio politikari amaiera jartzea aldarrikatuko dute.