NAIZ

Alex Bustindui preso santutxuarra aske geratu da

Alex Bustindui euskal preso politikoa aske geratu da. 10:00ak aldera atera da Villabonako espetxetik. Lau urte eman ditu espetxean santutxuarrak.

Alex Bustindui santutxuarra Villabonako espetxetik irten da. (@EtxeratElkartea)
Alex Bustindui santutxuarra Villabonako espetxetik irten da. (@EtxeratElkartea)

10:00ak aldera atera da Villabonako espetxetik Alex Bustindui euskal preso politikoa. Santutxaurrak lau urte igaro ditu espetxean eta osorik bete du kutxazain bati eraso egitea leporatuta ezarri zioten zigorra.

Bustinduiren abokatuek helegitea aurkeztu zuten, gazteari Kode Penalaren 579. bis 4 artikuluak aurreikusten duen zigor murrizketa aplika ziezaioten.

GARAk jakin zuenez, Jose Ricardo de Pradak eta Julio de Diego epaileek Bustinduiren helegitea onartu zuten baina Concepcion Espejel epaileak erabakiaren aplikazioa atzeratu zuela salatu zuten bi epaile horiek.

Santutxuarraren abokatu Kepa Landaren ustez, prebarikazio delitua litzateke Espejelen jokaera.

Azkenean, auzia Plenora eraman zuen Espejelek eta Auzitegiko Zigor Aretoko Bigarren Atalaren gain geratu zen. Joan zen ostiralean eman zuten epaia. Bost epailetik hiruk –Espejel bera, Angel Luis Hurtado eta Enrique Lopez– lehen erabakia irauli eta Bustinduiren errekurtsoa baztertu zuten.

Beste bi epaileek boto partikularra eman dute eta bertan kexu ageri dira erabili den prozeduraz.