NAIZ
DONOSTIA

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak Gipuzkoa plazako kanpalekua hutsarazi dute

09:00ak aldera iritsi dira Ertzaintza eta Udaltzaingoa Gipuzkoa plazara eta inguratu egin dute. Gipuzkoa Zutik ekimenak, sare sozialen bitartez, jendartea gerturatzera deitu du bertan zituzten gauzak mugitzen laguntzeko eta 10:00etarako ez zegoen plataformako inor bertan. Bulebarrera joan dira eta bertatik gauza guztiak eraman dizkiete.

Bulebarreko kioskora mugitu dute kanpaldia. (ARGAZKI PRESS)
Bulebarreko kioskora mugitu dute kanpaldia. (ARGAZKI PRESS)

Astebete daramate Gipuzkoa Zutik ekimeneko kideek Gipuzkoa plazan eta Ertzaintza berriz gerturatu da hauek desalojatzeko asmoz. Asteazkenean desegin zuten kanpalekua, baina berriz hartzea lortu zuten.

Gaur, 09:00ak aldera, egun horretan plaza husteko erabili zuten kamioia agertu da, eta handik gutxira Udaltzaingoa eta Ertzaintza. Ekintzaileak gauzak biltzen hasi dira, kanpalekua altxatu eta plaza utzi dute. 10:00etan ez zegoen ekimeneko inor bertan eta Udaltzainak han geratu dena eramaten hasi dira. Bulebarrera mugitu dute kanpalekua.

Eguerdian Bulebarren agertu dira udaltzain eta ertzainak eta bertan zituzten gauzak eraman dituzte. Tentsio uneak bizi izan dira. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak alde egin dute handik gutxira.

Gipuzkoa Zutikeko kideek adierazi dutenez, Udaltzaingoak «bortizkeria handia» erabili du.