@aagirrezabal
IRUÑEA

Kutsidazu bidea Alaves

42 jardunaldi eta gero esan egin daiteke; Osasunak denboraldi bikaina burutu du. Urte hasieran ikusten ziren arazoak arazo, igoera fasean sartzea lortu du. Etxeko talde gaztea, iaz 2.B mailara erortzeko zorian egon zena eta aurten herrialdeari ilusioa itzuli diona. Itxoin Alaves, zuekin goaz-eta.

Osasuna eta Alaveseko zaleak, elkarrekin azken derbian. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)
Osasuna eta Alaveseko zaleak, elkarrekin azken derbian. (Idoia ZABALETA / ARGAZKI PRESS)

La il.lusió de la meva terra
és l'orgull de la meva ciutat
un equip que a tots identifica,
uns colors que a tots ha agermanat.

Hauek dira Tarragonako Nastic taldearen ereserkiaren lehen hitzak, igoera faseko aurkariaren hitzak. Ba aste honetan zehar lapurtu egingo dizkiot. Har dezagun esaldiz-esaldi.

Ilusioa. Oso ongi ekin zion denboraldiari Osasunak, goiko postuetan lehen jardunaldietatik. Hala ere, zaleek oinak lurrean mantendu zituzten, are eta gehiago iazko denboraldia nola bukatu zen ikusita. Talde honek, urtea joan urtea etorri, bereizgarri bat dauka: Gauzak eskura daudenean, ezinezko bihurtzen ditu, eta ezinezkoak, aldiz, aise lortu. Zale gorritxoarentzat ilusioa eta sufrimendua sinonimoak izan ohi dira. Erreza ala ezinezkoa izango da igoera?

Harrotasuna. Kasu honetan ere, azken urteetan, bi ertzak jo ditu Osasunak. Bigarren mailara jaistearekin batera, ustelkeria kasuek jipoitu zuten talde nafarra. Partidak erosi omen eta hala ere jaitsi, dirua desagertu eta taldea bera ere desagertzetik gertu egon, iaz 2.B mailara erortzeko zorian egon eta gero. Aldiz, aurten, harro egoteko arrazoi gehiago eman ditu. Aurpegiak zuritu eta kirol maila bikainean aritu. Etxeko entrenatzaile eta jokalari gazteekin gainera. Pausoz pauso.

Guztion taldea. Iruñea edo Nafarroako gizarteak sekulako haustura soziala pairatu du hamarkadetan zehar. Eta oraindik ere sufritzen du. Ezker-eskuin edo independentista-unionista eskemak desberdinak dira hemen, desberdinak ere Euskal Herriko beste lurraldeekiko. Hala ere, Sadar ibaiaren altzoan, denek norabide berean batzen dituzte indarrak. «Ongietorri infernura», esan ohi da. Infernua bai, baina gure infernu maitea.

Anaitasuna. Futbolak, fútbol modernoak, izan duen deribak, kapitalismoaren baloreak sustatu ditu, kirol hau gizartearen eskuetatik aldenduz. Hala ere, dena ez da txarra. Ikusgarria izan da norberaren etxeko ataritik kanpo aurten bizi izan diren anaitasun festak. Osasunak Gasteiz bisitatu zuenekoaz eta Alavesek Iruñea bisitatu zuenekoaz ari naiz. Hori ere nazio eraikuntza bada. Hurrengo urtean lehen mailan bost euskal talde egoteko aukera dago. Lau izanen dira, eta aipatu bi egun horietan bizitako giroa 20 derbitan bizitzea ikusgarria litzateke. Beraz, «kutsidazu bidea Alaves».