UPV-EHU

«Behatzaile isilak gara»

Egunerokotasunerako urratsak eta dinamikak eskoletan erabiltzeko saio teoriko eta praktikoak barne dituen ikastaroko bigarren eguna izan da gaur, komunikatzaile eta psikoterapeuta den Virginia Belategi Azpirik gidatua, ‘Irakurketa-estrategiak Mindfulness edo arreta osoarekin uztartuta’ izenburupean, Miramar Jauregiko UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan.

Ikastaroa, batik bat, irakaskuntzarekin lotura hertsia duen publikoarentzat dago zuzendua; izan ere, Belategik dioen legez, «oso garrantzitsua da ikasleei hobeto irakurtzen irakastea, eta horretarako, ulermena lantzeko eta kontzentratzeko baliabideak eskuratzea». Hori horrela izaki, ikastaroa erlaxazio-ariketa batekin hasi dute, hain zuzen ere, pentsamenduen behaketarekin: «Pentsamenduak datozenean, zertan pentsatzen ari garen identifikatu behar dugu, eta pentsamendua eta pertsona bi alderdi ezberdin direla bereizi, behatzaile isil moduak baikara» dio Belategik.

Erlaxazioa eta meditazioaren artean bereizketa egin du hizlariak: «Erlaxazioa deskarga modu bat den bezala, meditazioa esfortzu bat da, tentsio erlaxatu bat, gogoa zerbaitetan jartzen baitugu, eta ezer horretan arreta mantentzea eskatzen digu teknikak». Bereizketa hori ahoan isla daiteke; izan ere, erlaxatzerakoan, ahoa aske uzten da, irekita. Meditatzeak, aldiz, ahoa ixtea eskatzen du.

Ikastaroan zehar, gehienbat, erlaxatzeko ariketak egin dituzte ikasleek, gida bat jarraituz: lehenik eta behin, ongi jesartzea eskatzen da, lasai, bizkarra zuzen, sorbaldak belarriekin lerrokatuta, bekokia aurrerantz eta kokotsa apur bat sartuta. Ondoren, gorputza erlaxatua edukitzea komeni da: mingaina solte utzi, eta bekokia, begiak, matrailak, ipurdia, hankak, oinak eta abar erlaxatu. Eta, azkenik, irudimena landu. Azken fase horretarako, Belategik zenbait istorio kontatu ditu, ikasleek euren buruetan irudi horiek irudika dezaten: «Naturako elementuak erabiltzea komeni da, eta ekintzak baino, irudiak botatzea hobe da. Ondoan, denbora utzi beharra dago besteak esandako hori irudika dezan entzuleak».

Irakurketa lantzeko ere zenbait ariketa egiteko aukera izan dute ikastarora bertaratu direnek, eta irakurketa prozesuko hiru fase bereizi ditu hizlariak: irakurri aurreko aldian, helburua zein den argitu behar da eta irakurtzeko prestaketa egin; irakurtzerako orduan, testua goitik behera begiratu, irakurketa sakona egin pasarteka eta paragrafoka azpimarratu: «Azpimarratzen irakatsi behar zaie ikasleei, ulermen prozesuan oso garrantzitsua baita», argitu du Belategik. Azkenik, irakurri osteko aldian, sintesiak egitearen garrantzia azpimarratu du, eta aholku bat bota du: «Komenigarria da ikasleei gaiari buruz zer pentsatzen duten erantzuteko gonbita egitea».