NAIZ
GASTEIZ

Gaitzespenak eta mobilizazio deialdiak, Gasteizko hilketa matxistaren harira

Gasteizen izan den hilketa matxista salatzeko hainbat mobilizazio deitu dituzte gaurko eta biharko. Gaur arratsalderako kontzentrazioa deitu du mugimendu feministak, 20.00etan, eta bihar manifestazioa, ordu berean. Udalak, berriz, elkarretaratzea egingo du bihar eguerdian.

Ertzaintzaren ibilgailu bat, emakumearen gorpua agertu den tokian. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Ertzaintzaren ibilgailu bat, emakumearen gorpua agertu den tokian. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Gasteizko Udalaren Bozeramaileen Batzordeak bilera egin du eta adierazpen instituzionala onartu du eta bihar eguerdirako elkarretaratzea deitu du.

Gasteizko mugimendu feministak, berriz, kontzentrazioa egingo du gaur 20.00etan Andra Mari Zuriaren plazan, eta bihar manifestazioa, ordu berean eta toki beretik abiatuta.

Emakundek ere oharra kaleratu du gaurko hilketaren aurrean gaitzespena adierazteko. Laguntza eta babesa eskaini dizkie hildako emakumeari eta ikerketak aurrera egin eta sumarioa sekretupetik irtetearen zain, jendarteari dei egin dio, jarrera aktiboa erakutsi dezan emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean.

PSEren idazkari nagusi Idoia Mendiak ere gaitzetsi egin du hilketa eta gaineratu du gizarteak ezin duela onartu «hainbeste emakumeren biziak arriskuan egotea».

Araban Senaturako PPren hautagaiak, Iñaki Oyarzabalek, hilketa «krudel» eta «izugarria» salatu du.

EH Bilduk goizean goiz iragarri du astearte honetarako aurreikusita zituen kanpainako ekitaldiak bertan behera uzten zituela eta bat egiten zuela Gasteizko hilketa matxista salatzeko deitutako mobilizazioekin.