UEU
Elkarrizketa
Ibai Gandiaga
Arkitektoa

«Proiektuak euskaraz egiteko erakundeen laguntza eta baliabide dokumentalak behar ditugu»

Arkitekto, hizkuntzalari eta erakunde publikoetako kideak bildu ditu UEUren udako ikastaroen baitako ‘Arkitekturan, euskaraz? Arkitektura eta hirigintzaren lan-munduan euskararen egoera, mehatxuak eta erronkak’ eztabaidatzeko topaketak. Ibai Gandiaga UEU, Aldiri eta Adi! Bulegoko kideak gidatuta, beren lana euskaraz egin ahal izateko beharrezko dituzten baliabideak identifikatzeko erronkari eutsi diote.

Ibai Gandiaga, zutik, gaurko topaketan.
Ibai Gandiaga, zutik, gaurko topaketan.

Arkitektura euskaraz ikasitako lehen belaunaldia murgildu da lan munduan, administrazioan eta akademian eta, hala ere, oztopo asko dituzue zuen lana euskaraz egin ahal izateko.
Euskara erabiltzen hasiak gara, batik bat, erakunde publikoek hainbat dokumentu euskaraz eskatzen dituztelako, baina gaztelera gailendu egiten da. Estudiooi baliabide, tresna eta korpusa falta zaizkigu, baita Espainiako araudiaren itzulpen bat ere. Gaur pentsatuko dugu nola txerta dezakegun euskara arkitekturan eta hirigintzan, euskaldunok egon bagaudelako eta badugulako gogoa.

Twitterrerako zuk zeuk asmatutako mean tweet edo txio zital sorta bat ekarri duzu, euskara eta arkitekturari lotutakoa.
Estatu Batuetan oso modan dago pertsonaia ezagunek eurei zuzendutako mean tweet direlakoak publikoki irakurraraztea. Ideia hori gurera ekarrita, arkitekturan euskararen kontra erabiltzen diren argudioak azaltzen dituzten txioak irakurri ditugu: denbora galtze bat dela, ez duela proiektu bat egiteko balio, beti egongo dela pauso bat atzera, langileek ez dutela menperatzen,.. Txio horiek eztabaidarako aitzakia eman digute.

Arkitekturan eta hirigintzan badituzuen eta falta zaizkizuen baliabideak zeintzuk diren identifikatuko duzue orain.
AMIA analisi bat egingo dugu. Eta gero, galdera bat botako diet: «Egin duzu inoiz euskarazko proiekturik?» Izan ere, arkitekto batek kontatu digu aurrekontu bat euskaraz egin, eta honen hartzailearen ingurukoak etorri zitzaizkiola harrituta, galdezka, bitxikeria iruditu baizitzaien, eta elkarri bidaltzen ibili ziren. Argi geratu zaigu euskaraz lan egiten dugunon arteko sare bat sortu behar dugula horrelako saiakera eta esperientziak konpartitze aldera.

Ondoren, imaginatuko dugu Gabriel Arestik Le Corbusierri etxe bat diseinatzeko eskatu diola. Pentsatuko dugu den-dena euskaraz egin beharko balu, zein oztopo izango lituzkeen, zeintzuk izango liratekeen beharko lituzkeen gutxieneko baliabideak eta zeintzuk baliabide egokienak.

Zure ustez, zeintzuk dira gutxieneko baliabide horiek?
Ezinbestekoa da arkitektura hiztegi bat. EHUk badu publikazio bat, eta eguneratzen ari da orain. Aurrekontuak egiteko datu baseak garatzea ere beharrezkoa da, eta EAEko Lurzoru Legearen itzulpenari beste buelta bat eman beharko litzaioke, ez baitago oso fin itzulita.

Eta epe labur eta ertainera, zein izango litzateke agertoki ideala?
Proiektuak euskaraz egiteko baliabide dokumentalak izatea, eta erakunde publikoek dirulaguntzak ematea edo, esleipenak egitean, euskaraz egin izana aintzat hartzea. Eta epe ertainera, itzultzaile eta arkitektoek elkarrekin egin beharko lukete lan, eta ez norberak bere aldetik.