Naiz
Donostia

Garbera merkataritza gunea handituko duen aldaketa onartu du Donostiako Udalak

Donostiako Udal Gobernu Batzarrak Garberako hirigintza eremuari dagokion Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) aldatzeko lehen izapidea onartu du. Horren bidez handitu egingo da merkataritza saltokia, udalak eta enpresa emakidadunak izenpetutako hitzarmenaren arabera.

Horrela izango da Garbera berria. (Donostiako Udala)
Horrela izango da Garbera berria. (Donostiako Udala)

Onartu den hasierako onespenaren arabera –ondoren tramitatu eta Udalbatzan onartu beharko da–, 25.000 metro koadro handituko da eraikigarritasuna, jarduera ekonomikoetarako eta merkataritza arloko hirugarren sektoreko erabileretarako.

Gainera, beste 80.000 metro koadroko aurreikuspena egiten da, lurgaineko aparkalekuak egiteko (3.613 leku gehien jota). Halaber, hiri lurzoru ez kontsolidatu gisa sailkatu dira lursailak, hirigintzako eraikigarritasunaren gehikuntzagatik.

Donostiako Udalak eta Unibail Rodamco Retal Spain enpresak –Garbera merkataritza gunearen ustiapenaren emakidaduna– bere garaian sinatu zuten hitzarmenaren arabera, udalari laga behar zaio eraikigarritasunaren gehikuntzaren gaineko %15, eta 7.300.000 euro ordainduko dizkio beraz emakidadunak udalari, bi milioi euroko beste partida batekin, saltokira sartu eta irteteko bideak hobetzeko. Espedientea bi hilabetez egongo da jendaurrean orain.

Gobernu Batzarrak erabaki du ez onartzea Gipuzkoako Merkataritza Federazioak saltokia handitzeko hitzarmenari eginiko alegazioak, epetik kanpo egin direlako, eta atzera bota du EH Bilduk hitzarmenaren aurka aurkeztu duen berraztertzeko errekurtsoa, «funtsgabetzat» jo dituelako inpugnaziorako argudioak.